Urte berria lasai antzean hasi dute neska federatuek

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2008-01-09 13:49

Abenduaren 29an amaitu ziren gomazko paletako Gipuzkoako txapelketak. 2008a hasi berri den honetan ia hilabeteko tartea izango dute lehiaketarik gabe neska federaturik gehienek. Izan ere, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak hurrengo antolatuko dituen txapelketak urtarrilaren bukaeran - otsaileko lehen asteburuan hasiko dira.

Ezker Hormako Eliteko DV txapelketa

Euskal Herri mailako 16 pilotaririk onenek hartuko dute parte Diario Vasco egunkariak finantzatuko duen txapelketa berri eta erakargarri honetan.

8 bikote osatu dira eta bi multzotan banatuko dira. Joaneko ligaxka bat jokatuko dute (bikote bakoitzak 3 partidu) lehenengo. Bertan sailkatuko bikoteek finalerdiak jokatuko dituzte eta azkenik finala jokatuko da. 

Norgehiagokak ostiral gauetan (21:00etan hasita) eta igande goizetan (11:00ak inguruan) jokatuko dira ligaxkan zehar, egoitza ezberdinetan. Azken fasea, berriz, ostiraletan jokatuko da.

Ezker Hormako EmP irekia

Eliteko DV txapelketan parte hartuko ez duten beste pilotari guztiei zuzendua dago. Maila bakarra egongo da, bertan bilduz kategoria guztietako pilotariak. Euskal Herriko lurralde guztietako pilotariei egin nahi zaie bertan parte hartzeko deialdia.

Izenematearen arabera erabakiko dira lehiaketa sistema eta egoitzak. Hala ere, bikote bakoitzari gutxienez 2-3 partidu jokatzeko aukera ziurtatu nahiko litzaioke.

 

Bi txapelketa hauen inguruko informazio zehatzagoaren berri izango duzue jakin ahala.

 

 


Utzi iruzkina: