Urkizu-Comet txapeldun

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-07-09 12:48

Uztaileko lehen igandean, uztailaren 5ean, jokatu zen Irungo Ramuntxo Berrin Trinketeko Emakumezkoen II. El Diario Vasco Sariko finala.

Goizeko 11:15ean hasi zen jaialdia, podiumeko azken posturako partidarekin. Hau amaitu ondoren jokatu zen final nagusia. Hemen dituzue emaitzak eta kronikatxo bana:

1. taldea 2. taldea
3-4.postua Mendizabal-Graciet 30 20 Bordagaray-Arozena
Finala Olçomendi-Housset 18 30 Urkizu-Comet

Mendizabal-Graciet, 30 - Bordagaray-Arozena, 20

 

Maider Mendizabal ondoezik egonagatik ere, pilota eskura botaz gero, munduko aurrelaririk onena dela argi geratu zen beste behin ere. Egia esan ez zen oso partida ikusgarria atera jaialdiko lehena, baina hortan eragin nabaria izan zuen aurrelari anoetarraren ahuldadeak. Bikote urdinak ia ez zuen batere pilotarik bideratu aurreko koadroetara, edo ez behintzat ahal beste. Partida hasieran huts egite dezente egin zituzten gorriek eta urdinak tantoren bat aurretik joan ziren. Amaieran, ordea, esan liteke markagailuan islatu zela bi bikoteen artean zegoen desoreka.

Urkizu-Comet, 30 - Olçomendi-Housset, 18

   

Ikusmin handia piztu zuen finalak, iazko txapeldunak (Urkizu-Comet) eta aurten partida bakar bat ere galdu gabe zegoen bikotea (Olçomendi-Housset) izan baitziren aurrez-aurre. Eguerdiko 12:20 inguruan hasi zen eta ordurako trinketearen behealdean 90 lagun inguru zeuden lehen sakea noiz egingo zain.

Ez zen espero bezain partida orekatu, lehiatu eta gogorra izan finalekoa. Arrazoirik nagusiena: bi atzelarien boladak justu kontrakoak izan zirela. Maritxu Houssetek benetan partida hasiera bikaina egin zuen, pilotarik huts egin gabe (0-5, 8-13 aurretik izan ziren), baina Magalie Comet, Itsaso Urkizuren laguntzaz, nagusitzen hasi zenean ez zuen aurre egiterik izan. Ohi baino pilota gehiago galdu zituen arbonarrak, bikote gorriak lan asko eginarazi baitzion. Argia Olçomendik, berriz, ezin izan zion behar ainako laguntzarik eskaini bere atzelariari eta hor erabat desorekatu zen partida. 12-15etik 19-15era joan ziren garaileak eta, amaieran, 30-18 nagusitu ziren, 18-3ko partziala ezarriz. Amaieran, beraz, iazko txapeldunek etxeratu zituzten 2. edizio honetako txapelak ere.

Sari banaketa ekitaldiarekin amaitu zen jaialdia eta, ondoren, mokadutxoa egitera joan ziren ia parte hartzaile guztiak, euren gertukoenekin batera.  

Komunikabideetan nahi baino askoz ere presentzia txikiagoa izan duen arren, benetan amaiera arrakastatsua izan zuen txapelketak. Hori bai, ez da ahaztu behar jokamolde honetan mundu mailan punta-puntan dabiltzan jokalariak ez direla egunero ikusten ere. Amaieran, parte hartzaile, antolatzaile eta bertaratutako ikusleak gustura ziren.

Mila esker guztioi eta uda ona pasa!!


Utzi iruzkina: