Urkizu-Comet nagusi Emakumezkoen Trinketeko I. El Diario Vasco Sarian
Itsaso Urkizu berastegiarra eta Zuraideko Magalie Comet izan dira nagusi Emakumezkoen Trinketeko I. El Diario Vasco Sarian.
San Fermin bezperan, uztailaren 6an, jokatu ziren bai finala eta baita 3. eta 4. postuetarako norgehiagoka ere, Irungo Ramuntxo Berri trinketean. 2 norgehiagokak goizeko 11:15etan hasita jokatu ziren, 100 ikusle inguru bildu zirelarik bertara, trinketea itxuratuz.
Jarraian aurki ditzakezue azken emaitzen berri, partida bakoitzeko kronikatxo bana, eta argazkiren bat edo beste ere bai.
3. eta 4. postuetarako neurketa
1. taldea | 2. taldea | ||
Espinar-Graciet | 27 | 30 | Etchelecu-Arozena |
Neurketa estu eta erakargarria jokatu zuten lau pilotariek 3. eta 4. posturako lehian. Finalerdietako galtzaileak izaki, gogo biziz kantxaratu ziren laurak.
Norgehiagokaren hasieran aldetxoa lortu zuten markagailuan Etchelecu-Arozenak, 7-2 eta 11-4 aurreratuz. Une horretan, ordea, gorriek erreakzionatu eta 14-14 berdintzea lortu zuten. 18-14ko emaitzaz ere aurreratu ziren. Orduan urdinak izan ziren esnatu zirenak eta amaiera zirraragarri batean 30-27ko emaitzarekin garaipena eskuratu zuten Amaia Etchelecu lohitzundarrak eta Nagore Arozena lizartzarrak. 4. postuarekin konformatu behar izan zuten, azkenean, Patricia Espinar galdakoztarrak eta Landetako Severine Graciet-ek.
Finala
1. taldea | 2. taldea | ||
Mendizabal-Pochulu* | 24 | 30 | Urkizu-Comet |
Ligaxkan euren multzoetan lehen postuetan sailkaturiko bi bikoteek lortu zuten finalerako txartela, finalerdietan garaipena eskuratzeari esker. Azken uneko lesio baten erruz, ordea, Sandra Pochulu aritu zen Maika Elguezabal kanboarraren ordez.
40-45 minutuko iraupena izan zuen hainbeste itxaropen sorturiko finalak. Azkenean, ordea, esan liteke ez zela espero bezain orekatua izan, markagailuak adierazten duen bezalaxe. 18-18 berdindu zuten arte oso parekatua izan zen neurketa, baina hortik aurrera Urkizu-Comet bikotea beti izan zen aurretik, gehienetan gutxienez 3 tantoko aldea ateraz Mendizabal-Pochulu bikoari. Azkenean, 30-24ko emaitzari esker, Itsaso Urkizu berastegiarrak eta Magalie Comet zuraidarrak jantzi zituzten lehen edizioko txapelak. 2. postuarekin konformatzea baino ez zitzaien geratu Maider Mendizabal anoetarrari eta Sandra Pochulu lapurtarrari.
Finalaren ostean luntx batez gozatu ahal izan zuten pilotariek eta hauen ingurukoek, txapelketa hasi bezala amaitzeko.
OHARRA: txapelketa honetako argazki guztiak argazki galerian daukazue ikusgai
Iruzkinak
Utzi iruzkina: