Txapelaren atzetik
Aurreko ostiralean, apirilak 11, Irurako Ametsa trinketean jokatutako partidak jokatu ondoren, ia erabaki da zein talde arituko diren Gipuzkoako elkarteen arteko trinketeko txapelketako txapelaren lehian, bai neska jubeniletan eta baita neska nagusien kategorian ere.
Gaueko 9etan hasi eta ordu pare batean jokatu ziren iragarritako 3 norgehiagokak. Lehena neska jubenilen ligaxkari zegokion eta hurrengo biak, berriz, neska nagusien finalerdiei.
Hona hemen emaitzak:
Kategoria | 1. taldea | 2. taldea | ||
Jubenilak | Ramuntxo | 30 | 21 | Hernani 1 |
Nagusiak | Kuku | 30 | 5 | Zumaia |
Nagusiak | Intxaurrondo | 30 | 27 | Ikasberri |
Partidetako kronikatxo bat eta argazki bana dauzkazue jarraian.
1. partida: Ramuntxo, 30 - Hernani 1, 21
Neska jubenilen partidan finalean elkarren aurka arituko diren bi taldeek neurtu zituzten indarrak. Hasiera batean lehia nahiko orekatua izan bazen ere, partidaren erdialdetik aurrera markagailuan tartea ireki zuen Aburuza-Moron bikoak, eta ez zuten eragozpen handiegirik izan garaipenerako bidean.
2. partida: Kuku, 30 - Zumaia, 5
Partida hasi aurretik ere bertaratutako inork ez zeukan zalantzarik partida honen azken emaitzaz. Izan ere, Euskal Herri zein mundu mailan punta-puntan dabiltzan Maider Mendizabal eta Nagore Arozenak (Kuku) osatutako bikoteari aurre egitea ezinezkoa egin baitzitzaien Zumaiako ordezkariei. Eurek zuten dena eman arren partidak kolore gorria bakarrik izan zuen.
3. partida: Intxaurrondo, 30 - Ikasberri, 27
Jardunaldiko partidarik luze, lehiatu eta gogorrena izan zen bigarren finalerdi hau. 50 minutuz aritu ziren borrokan eta nahiko parekatua izan zen norgehiagoka. Hasieran zuloa ireki zuten Intxaurrondokoek (15-6), baina Ikasberrikoek ez zuten etsipenik hartu eta lanean segi zuten. Horri esker, partidaren amaierara arte izan zituzten irabazteko aukerak (23-26, 26-28), baina ez ziren markagailuan aurretik jarri eta azken zatian Uxuek sakez egindako bi hutsek nahiko urrundu zuten irabazteko aukera. Azkenean, Intxaurrondo izango da finalean.
Finalak, beraz, honako talde hauek jokatuko dituzte:
- Neska jubeniletan: Ramuntxo / Hernani 1
- Neska nagusietan: Kuku / Intxaurrondo
Finalak ere Irurako Ametsa trinketean jokatuko dira, gaueko 9etatik aurrera, datorren ostiralean, apirilaren 18an.
Zorte on denoi eta animo!!!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: