Tolosa eta Getariko frontoiak, partaidetzako ikastaroetako emakumeen bilgune
Emakumea Pilotari proiektuaren hiru ataletako bat da partaidetzako kirolarena. Bertan, besteak beste, 18-20 urtetik gorako emakumeei zuzenduriko paleta ikastaroak ari dira garatzen Gipuzkoako 8 herritan: Donostia, Hernani, Getaria, Zarautz, Tolosa-Ibarra, Arrasate, Azkoitia eta Azpeitia.
Ikasturte honetan, lehenaz gain, emakumeek elkar ezagutu eta euren arteko harremana sendotzeko asmoz, apirileko bi larunbat arratsaldetarako (4a eta 18a) euren arteko topaketak antolatu dira. Bertan, binakako partida laburrak (8-10 minutukoak) jokatzen dira, batez ere, nahiz eta bestelako ariketa eta jolasen bat ere izan tartean.
Tolosako Uzturpe frontoi luzean burutu zen lehena, apirilaren 4ean, eta 45 emakume inguruk hartu zuten parte, bi taldetan banatuta: 16:00-18:00etara eta 18:00-20:00etara.
Getariko Sahatsaga pilotalekuan egingo da bigarrena, larunbat honetan bertan, apirilaren 18an. 30-35 emakumeren bueltan bertaratzea aurreikusten da. Hemen ere bi orduko saioak egingo dira, bi txandatan.
Lehen topaketako argazkiak ikusi nahi izanez gero argazki galerian dituzue.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: