Su-Berri eta Hernani 1 txapeldun ezker hormako Gipuzkoako Txapelketa-Kutxa Sarian
Iragan igandean, abenduak 27, jokatu ziren Urnietako pilotalekuan nesken gomazko paletako 1. mailako eta jubeniletako ezker hormako Gipuzkoako Txapelketa-Kutxa Sariko finalak.
Jaialdia 3 partidek osatu zuten. Ondorengo taulan dituzue ikusgai emaitzak:
Zer | 1. taldea | 2. taldea | ||
1. maila. 3-4.postua |
Hernani | 28 | 30 | Real Sociedad |
Jubenilak. Finala |
Hernani 1 | 30 | 24 | Hernani 2 |
1. maila. Finala |
Su-Berri | 30 | 20 | Intxaurrondo |
Goizeko 10:30ean eman zitzaion hasiera jaialdiari, 1. mailako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidarekin. Hernani eta Real Sociedadeko pilotariak aritu ziren nor baino nor, eta, amaiera estu batean, Real Sociedadekoek lortu zuten podiumeko koxkarik baxuenerako eskubidea, 30-28 irabazita.
Bigarren partidan neska jubenilen finala jokatu zen. Hernaniko bi talde aritu ziren aurrez aurre. Euren hurbilenekoak (familiartekoak, lagunak,...) bertaratu zirenez, ez zuten animo oihu eta eupadarik falta izan. Amaieran, Hernani 1 taldearentzat garaipena, 30-24.
Jaialdia itxi zuen partida 1. mailako finala izan zen. Su-Berri eta Intxaurrondo elkarteetako pilotariak sailkatu ziren, aste horretan bertan jokatutako finalerdietan garaipen erosoak lortu ostean (30-12 eta 30-16 Real Sociedad eta Hernaniri, hurrenez hurren). Hasi aurretik espero bezala, Anoetako elkartekoek ez zuten zailtasun handiegirik izan txapelak bururatzeko, urte luzeetan egindako lanak fruituak ematen jarraitzen duela erakutsiz.
Amaieran, familia argazkia atera zuten txapelketan parte hartu duten pilotariek (finaletara joandakoek) eta antolatzaileen ordezkariek.
Nesken ezker hormako Gipuzkoako Txapelketa-Kutxa Saria amaitzeko 2. mailako finalerdiak eta finala jokatzea falta da. Finalerdiak joan-etorri sisteman jokatuko dituzte A eta B multzoetako lehen bi sailkatuek, modu gurutzatuan, urtarrilaren 10 eta 17ko asteburuetan. Finala, berriz, urtarrilaren 23an jokatzea aurreikusten da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: