Nesken paleta txapelketa herrikoiak puri-purian
Jaso dugun informazioaren arabera, asko eta asko dira Gipuzkoan zehar jokatzen diren nesken paleta txapelketa herrikoiak. Gehienak uda garaian jokatzen dira, eguraldia goxatzen hasten denean. Horietako hiruren berri heldu da gure belarrietara.
Hernanin, maiatzean hasi eta San Juan jaietan amaitu zen Emakumezkoen II. Pala Txapelketa. Oraindik txapelketa berria izanagatik ere, 7 bikote aritu dira aurten (iaz baino 3 gehiago). Edurne Tejeria eta Ane Urruzolak jantzi zituzten txapelak ekainaren 20ko finalean, Mª Jose eta Kristina Galdeano ahizpei gailendu ostean.
Getarian ere azken txanpan da Nesken IV. Pala Txapelketa. Apirilaren 17tik ekainaren 12ra bitartean ligaxkan aritu ziren parte hartu duten 17 bikoteak. Aurrera egindako bikoteek joan zen ostiralean jokatu zituzten final laurdenak. Gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera, berriz, finalerdiak jokatuko dituzte. Batzuk ligan eta besteak kopan lehiatuko dira. Finalak astebete barru jokatuko dituzte, uztailaren 3an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, herriko frontoian.
Oiartzunen Xanistebanetako Pala Txapelketa jarri dute martxan. 10 bikote dira neskenak. Kontzejupean ari dira jokatzen. Partidak joan zen astean hasi zituzten eta datozen bi hilabeteetan luzatuko dira. Finalerdiak uztailaren 27 eta 28an jokatuko dira eta finala abuztuaren 6an.
Zorte on eta bejondeizuela!
*Oharra: informazioa bidali edo galderaren bat izanez gero idatzi emakumeapilotari@yahoo.com helbidera
Iruzkinak
Utzi iruzkina: