Martxan da ezker hormako III. Emakumea Pilotari Txapelketa

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2008-10-13 12:31

Joan den larunbatean, urriaren 11n, jarri zen abian ezker hormako III. Emakumea Pilotari txapelketa. Amasako pilotalekuan 15:30ean hasita 5 partida jokatu ziren bata bestearen atzetik (lehen biak 1. mailakoak eta azken hirurak 2.ekoak), jardunaldia 19:45 inguruan amaituz.

Hona hemen larunbateko emaitzak eta beheraxeago kronikatxo bat:

1. taldea 2. taldea
Redondo-Gurrutxaga 30 26

Etxegia-Etxegia*

Fernandez-Montes 30 22 Pierola-Unanue
Bañales-N.Zabala 30 16 Dominguez-Esnal*
Arriola-Goenaga 24 30 Jauregi-Elizegi
M.Zabala-Arrondo 21 30 Tijero-Urbieta

* Errasti eta Lucasen ordez aritu ziren bi pilotari hauek.

Redondo-Gurrutxaga, 30 - Etxegia-Etxegia, 26

Txapelketa ireki zuen partidan lau "viejas glorias" ikusi genituen jokoan. Garai batean elkarren aurka makina bat partida jokatutakoak dira denak ere.

Partidaren hasieran 20-9 aurreratu ziren amaieran garaipena eskuratuko zutenak, baina azken aldera tentsioa eta intriga pixka bat ere izan ziren, Etxegia ahizpa goizuetarrek ia partidari buelta ematea lortu baitzuten. Azkenean, ordea, oriotarra eta aizarnarra nagusi.

Fernandez-Montes, 30 - Pierola-Unanue, 22

Partida lehiatu, luze xamar eta polita izan zen lehen mailako bigarren hau. Ez ziren ordubetetik oso urrun ibili, batez ere atzera eta atzera aritu zirelako ia tanto guztietan.

Markagailuak adierazten duena baino alde txikiagoa izan zen jokoan. Une oro tanto bat edo biko aldea baino ez zen izan 20. tanto ingurura arte. Hor, ordea, bikote gorriak 27-20 aurrea hartu eta azkenean bi puntuak eskuratzea lortu zuen.

Ohi baino huts gehiago egin zituzten guztiek, elkarrekin jokatzen zuten lehen partida zela nabarmen utziz.

Bañales-N.Zabala, 30 - Dominguez-Esnal, 16 

Iaz 2. mailako finalean elkarren aurka aritu ostean, aurten batera arituko dira Alaitz Bañales eta Nagore Zabala. Daniela Dominguez azpeitiartutako argentinarra, berriz, aurten federatu da eta Xare Esnal urnietarra normalean aurrelari aritzen bada ere, Leire Lucas ordezkatzeko atzean aritzeko ez zuen inolako eragozpenik azaldu.

Bikote gorria nagusitu zen partidan, esperientzia handiagoaz eta besteen hutsez baliatuta. Dominguezek bere lehen partidan jokatzeko grina azaldu zuen hala ere, oraindik egokitze fasean aurkitzen bada ere. Xare Esnalek ere maila polita eman zuen, piloteoan eutsiz, nahiz eta indarrean aldea egon bi atzelarien artean.

Amaieran, denak pozik. Bai garaileak eta bai galtzaileak. Zer hoberik hori baino!

Arriola-Goenaga, 24 - Jauregi-Elizegi, 30

Garazi Jauregik eta Arantza Elizegik benetan bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten larunbatean. Aurrelariak zuloak ederki bilatu eta tanto ederrak lortu zituen. Atzelariak, berriz, hasi berri-berria izan arren, kolpea eta erregulartasuna erakutsi zituen.

Arriola-Goenagak ere ez zuten partida txarra jokatu, baina aurkariek baino huts gehiago egin zituzten eta horrela ez da batere samurra 30era heltzea. Kontuan izan behar da, gainera, Arriola frontoian oso gutxi entrenatu dela aurten.

M.Zabala-Arrondo, 21 - Tijero-Urbieta, 30

Arratsaldeko ia partida guztietan kideak animatzen aritu ostean heldu zitzaien jokatzeko garaia jardunaldiko azken norgehiagokan aritu zirenei.

Partida Eluska Arrondok atzean erakutsitako sendotasun ezak erabaki zuen hein handi batean. Aurrelaria izan arren, kolpea badu, baina ez zuen bere egunik onena izan. Sakez bizpahiru falta egin zituen eta goiko koltxoira bospasei pilota bidali zituen gutxienez. Miren Zabalak aurrelari sendoa dela erakutsi zuen, pilotan badakiela, baina pilota buruz gain pasatzen zioten eta ez zuen jokoan parte hartzeko aukera handiegirik izan.

Garbiñe Tijero zakur zaharra da, 20 urtetik gora daramatza paletan, eta bere esperientziaz baliatu zen partidako zenbait unetan, jokoa atzean kargatzeko. Hala ere, aurrean jolasean aritzea asko gustatzen zaio eta pilota bat baino gehiago galdu zituen gisa horretan. Naroa Urbieta atzelari azpeitiarrak asmatzen duenean pilota dezente atzeratzen du eta partida itxurosoa jokatu zuen lehen jardunaldian, konfiantza irabazteko baliagarri izango zaiona, dudarik gabe.

Bertaratutako ikusleei dagokienez, 40-50 laguneko koadrila bat bildu zen, pilotariak zenbatuta. Jokalarien bikote, lagun eta familiartekoez gain ikusle ilustrren bat edo beste ere izan zen, Amaia Agirre bertsolaria adibidez.

1. jardunaldiko eta aurkezpen ekitaldiko argazkiak albo zutabeko "Argazki galeria" atalean dituzue.

2. jardunaldia Ataungo Auzoeta pilotalekuan jokatuko da datorren larunbatean, urriaren 18an, arratsaldeko 15:30ean hasita. Asteak aurrera egin ahala izango duzue horren berri.

 


Utzi iruzkina: