Lizeaga-Lucas eta Zabala-Mendizabalentzat ezker hormako IV. Emakumea Pilotariko txapelak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-11-22 12:12

Atzo, hilak 21, Hernaniko udal pilotalekuan jokatutako finalekin eman zitzaion amaiera ezker hormako IV. Emakumea Pilotari Txapelketari.

Jendetza itzela bildu zen arratsaldeko 17:00 ingururako pilotalekura, 300 pertsona inguru. Giroa ere paregabea, hernaniarrek euren jarraitzaileak eraman baitzituzten: bazkaritik zetozen koadrilakoak, neska pilotari gazteak, senitartekoak,... Mila esker guztioi eta baita txapelketako egoitza ezberdinetan lagun izan zaiteztegunoi ere.

Euskadi Irratiak ere zuzeneko konexioak egin zituen Hernaniko pilotalekuarekin. Gainera, jarraipen zabala egin dio txapelketari. Beraz, gure eskerrik beroenak hemendik eurentzat ere.

Hona hemen emaitzen taula:

HERNANI
Finalak

TIJERO-EZCURDIA

19

LIZEAGA-LUCAS

30

2. maila

17:00, 1. part.

M. ZABALA-MENDIZABAL

30

ETXEGIA-AROZENA

24

1. maila

17:00, 2. part.

Puntu-puntuan hasi zen jaialdia, 2. mailako finalarekin. Hasi aurretik lehia orekatu eta estua izatea espero bazen ere, uste baino errazago eta erosoago aritu zen Lizeaga-Lucas bikotea. Hein handi batean estrategia ederki definitu zutelako, baina, baita aurkariek, Tijero-Ezcurdiak askotan elkarren artean komunikazio arazoak izan zituztelako ere. Markagailuan aldea ireki zuten hasiera-hasieratik eta ez zuten estualdi handiegirik pasa behar izan 30era heltzeko.

 

Leire Lucasek 2. txapela jantzi du jarraian 2. mailan eta bera izan da, gainera, txapelketako pilotaririk onena. Atzo ere ederki asko moldatu zen, oso pilota gutxi desaprobetxatuz. Ane Lizeagak ere erakutsi du badakiela zer den pilotan jokatzea, Leirerekin tandem ezinhobea osatuz. GarbiƱe Tijero, berriz, hurrengo aukeraren zain geratu beharko da, atzo indarka eta une batzuetan oso prezipitatuta jokatu baitzuen. Bere bikotea, Vanessa Ezcurdia hasiberria, urduritasunak erasanda aritu zen hasieran, baina, amaiera aldera, apur bat lasaitu zenean, hobeto moldatu zen. Lehen parte hartzean finalean sartzea bada nahiko meritu beretzat, batez ere gomazko paletan hiruzpalau hilabete bakarrik daramatzanean.

1. mailako finala, berriz, 18:00 bueltan hasi zen. Bi munduko txapeldun aritu ziren nor baino nor atzeko koadroetan, Arozena eta Mendizabal, Etxegia eta Zabalarekin bikotea osatuz, hurrenez hurren. Partida hasi eta lehen herenera iristerako markagailuan zuloa ireki zuten Zabala eta Mendizabalek eta, hortik aurrera, Etxegia-Arozenak lanean jarraitu bazuten ere, amorerik eman gabe, nahikoa izan zuen alde hori berak ederki asko dakien eran kudeatzea Maider Mendizabalek, nolako kategoriako pilotaria den nabarmenduz. Miren Zabalak ere oso ongi lagundu zion Maiderri eta tanto polit askoak ere lortu zituen. Mirari Etxegiak ez zuen bere egunik onena izan eta Nagore Arozena, berriz, bere "irakasleari" kilimak egiten saiatu zen arren saiakeran baino ez zen geratu kontua.

Amaieran, ohitura onei eutsiz, familia argazkia atera eta afaria eginez ospatu zuten txapelketa parte hartzaileek.

 

Datorren asteburutik aurrera beste txapelketa bat jokatzen hasiko dira emakume pilotariak, ezker hormako elkarteen arteko Gipuzkoako Txapelketa, hain zuzen ere. Txapelketa honetan, elkarteen izenean eta euren elkartekideekin jokatuko dute pilotariek, ez mailakatze edo rankinaren bidez egindako bikoteetan. Hortaz, ez dira ziur asko hain partida orekatu eta lehiatuak izango asko eta asko, alde nabarmenak baitaude elkarte batzuetako eta besteetako pilotarien artean.


Utzi iruzkina: