Ligaxkako 5. eta azken jardunaldiko emaitzak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2007-11-18 19:54

Atzo, azaroak 17, jokatu zen Ataungo Auzoeta pilotalekuan Emakumea Pilotari txapelketako 5. jardunaldia. Jardunaldi benetan interesgarri eta luzea gertatu zen. Izan ere, ligaxkako azken jardunaldia izan zen eta finalerdietarako txartelen erdiak jokoan ziren. Partidu gogor eta parekatuak eta ez hain lehiatuak izan ziren jardunaldia osatu zuten 6 norgehiagoken artean.

Ataungo jardunaldiari lehen mailako hiru neurketekin eman zitzaion hasiera eta lehiatuak izan ziren neurketak, orokorrean. Lehen partiduan ordubetetik gora aritu ziren nor baino nor Manzisidor-Argain eta Urkizu-Unanue bikoteak. Azkenean, lehia zirraragarri eta benetan parekatu baten ostean, bikote gorriak egin zuen azken tantoa. Neurketa hau 30-29 amaitu zen. Arratsaldeko bigarren neurketan Etxegia-Mendizabal eta Evaristti-Errastik neurtu zituzten indarrak. Bikote gorriak (Exegia-Mendizabal) lehia irabazita finalerdietara igarotzeko txarteletako bat eskuratuko zuen. Horregatik, ez zieten urdinei neurketa irabazteko aukerarik eman, 30-20 nagusituz. Lehen mailako azken partiduan Pierola-Montes eta Fernandez-Arozena aritu ziren. Partidu polita jokatu zuten laurek ere, lehiatua eta nahiko orekatua. Azken txanpan, ordea, bikote urdinak (Fernandez-Arozena) habaila hartu eta azkenean 30-23 nagusitu zen.

Bigarren mailako lehen neurketan M.Zabala eta N.Zabalak arazo handirik gabe hartu zituzten mendean Urbistondo eta Lukas. Huts dezente izan ziren eta azkenean 30-17 nagusitu ziren gorriak (Zabala-Zabala). Jardunaldiko 5. partiduan Arrondo-Urbieta eta Jauregi-Goenagak neurtu zituzten indarrak. Partidu benetan lehiatu eta interesgarri baten ostean Arrondo-Urbieta bikoak txapelketako lehen garaipena eskuratuz esan dio agur honi, 30-29 irabazi baitzieten Jauregi-Goenagari. Azken partiduan orain arte neurketarik galdu gabe zen Bañales-Gurrutxaga bikoteak 27-30 galdu zuen Tijero-Lujanbioren aurka. Garbiñe Tijeroren esperientziak desorekatu zuen azken txanpan neurketa hau.

Hona hemen larunbateko norgehiagoken emaitzekin osaturiko taula:

Manzisidor-Argain 30 29 Urkizu-Unanue
Etxegia-Mendizabal 30 20 Evaristti-Errasti
Pierola-Montes 23 30 Fernandez-Arozena
M.Zabala-N.Zabala 30 17 Urbistondo-Lukas
Arrondo-Urbieta 30 29 Jauregi-Goenaga
Tijero-Lujanbio 30 27 Bañales-Gurrutxaga
 

Ligaxka amaituta, datorren larunbatean jokatu dira finalerdietako norgehiagokak Usurbilen, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.


Utzi iruzkina: