II. Emakumea Pilotari Irekia. Informazio orokorra

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-01-21 12:40

Larunbat honetan bertan, urtarrilaren 24an, jarriko du martxan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ezker hormako II. Emakumea Pilotari Irekia.  

Iaz antolatu zen lehenengoz txapelketa hau eta, aurten, jarraipena eman nahi zaio iaz hasitako bide oparoari. Txapelketa honen ezaugarririk nagusienak bi dira: punta-puntako pilotariek ez daukate parte hartzerik (DV sarian jokatuko dute) eta bikoteak norberak nahi bezala osatzen dira, baldintza bakarra pilotako federatu-lizentzia izanik. 

Parte hartzeak nabarmen egin du gora iaztik, 12tik 20 bikoteraino. Gainera, herrialde gehiagotako parte hartzaileak izango dira: 13 bikote gipuzkoar, 6 napar eta arabar 1. 20 bikote hauek 5eko 4 multzotan banatu dira, aurreko albistean agertu bezala.

Txapelketako lehen fasean, ligaxka eran jokatuko denean, multzo bakoitzeko talde guztiek elkarren aurka jokatuko dute. Ondoren, multzo bakoitzeko 2 onenak (8 talde guztira) igaroko dira final-laurdenetara, eta, azken fase hau, kanporaketa sisteman jokatuko da. Hau da, irabazleak aurrera egingo du txapelketan eta galtzaileak etxerako bidea hartuko du.

Txapelketako ligaxkako partidak bi egoitza edo pilotalekutan jokatuko dira, Aginagan (Usurbil eta Orio artean) eta Tolosaldeko Anoetan. Partida guztiak larunbat arratsaldetan jokatuko dira, arratsaldeko 16:00etatik aurrera Aginagan eta 16:30etik aurrera Anoetan. Azken fasea, berriz, Aginagan jokatuko da.

Ligaxka urtarrilaren 24tik otsailaren 21era bitartean jokatuko da (5 jardunaldi), eta azken fasea, berriz, otsailaren 28tik martxoaren 14ra (3 jardunaldi).

 


Utzi iruzkina: