I. Emakumea Pilotari Irekia azkenetan

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2008-02-25 17:52

Agiñan jokatzen ari den I. Emakumea Pilotari Irekia azken txanpan sartzera doa. Izan ere, lehiaketari ekin zioten 12 bikoteetatik 4 baino ez dira una honetan lehiatzeko txartela eskuartean dutenak.

Aurreko larunbatean, otsailaren 23an, jokatu ziren final-laurdenetako neurketak eta garaileek asteburu honetan jokatuko dituzte finalerdietako partidak.

Hona hemen partiduen emaitzak eta kronikatxo bana:

1. bikotea 2. bikotea
Redondo-Errasti 30 9 Jauregi-Lujanbio
Goenaga-Lucas 30 21 Lizeaga-Perez
Urbistondo-Zabala 23 30 Tijero-Ugalde
Martinez-Martinez 28 30 Zabala-Fernandez

1. Redondo-Errasti, 30 / Jauregi-Lujanbio, 9

Maite Redondo eta Dolo Errastik ez zuten inolako arazorik izan Garazi Jauregi eta Ane Lujanbiok osatutako bikotea mendean hartzeko.Hasiera-hasieratik nabarmen geratu zen bi bikoteen artean dagoen aldea, partiduak 20 minutuko iraupena baino ez izatea horren seinale da, adibidez.

2. Goenaga-Lucas, 30 / Lizeaga-Perez, 21

Goenaga-Lucas bikoteak ez zuen arazo handiegirik izan finalerdietarako txartela eskuratzeko. Eneritz Perez aurkarietako atzelariak bere erresistentziaren berri eman zuen, hala ere. Leire Lucasek pilota oso gutxi galdu zituen eta Arantxa Goenaga urnietarrak ere lan txukuna egin zuen. 

3. Urbistondo-Zabala, 23 / Tijero-Ugalde, 30

Garbiñe Tijerok jokatu zuen hirugarren partidan min hartuta zegoen Mirari Pagolaren ordez. Hernaniko elkartean aspaldiko urtetan nesken entrenatzaile lanetan ere ari den pilotariaren partehartzeak eragin nabarmena izan zuen partiduan zehar, eta baita bere esperientzia zabalak ere. Izan ere, joko guztia atzean pilatu zuen Tijero-Ugalde bikoteak, Nagore Zabala nekatu asmoz. Partidu gogor eta lehiatu baten ondoren, azken txanpan lortutako aldeak finalerdietarako txartela lortzea ahalbidetu zien bi hernaniarrei.

4. Martinez-Martinez, 28 / Zabala-Fernandez, 30

Orain arte Agiñan, txapelketa honen barruan, izan den partidarik gogor, lehiatu eta luzeena jokatu zuten lau pilotariek, aurreikuspen gehienak betez. Dulantziko ahizpek borrokarako grina eta ahalmena hasiera-hasieratik erakutsi zituzten, markagailuan zulo handi xamarrak irekiz (9-1 eta 17-8). Hor etorri zen, ordea, Zabala-Fernandez bikotearen lehen erreakzioa, partida 17-17 berdinduz. Arabarrak 20-17 eta 24-20 aurreratu ziren berriro ere, baina, azken txanpan, 26-26 berdindu eta finalerdietara igarotzeko txartela bereganatu zuten gipuzkoarrek.

Honenbestez, azken txanpan sartu da Irekia. Ligaxka eta fnal-laurdenak jokatu ostean, honako lau bikote hauek jokatuko dute finalerdietan:

  1. Redondo-Errasti  /  Goenaga-Lucas
  2. Pagola-Ugalde  /  Zabala-Fernandez

Finalerdietako partidak arratsaldeko 16:00etan hasita jokatuko dira datorren larunbatean, martxoaren 1ean.


Utzi iruzkina: