Hiru aste barru... Emakumea Pilotari Eguna Iruran

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-05-05 11:29

Maiatzaren 29an, larunbata, ospatuko dugu Iruran, ia ohiko bihurtu zaigun egoitzan, 2010eko Emakumea Pilotari Eguna. Aurtengoa IV. festa eguna izango da.

Ikasturtean zehar, azarotik aurrera kasurik gehienetan, Gipuzkoako hamaika herritan (Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Getaria, Hernani, Ibarra, Oiartzun, Tolosa, Zarautz, Zizurkil) antolatutako ikastaroetako emakume guztiei luzatu diegu bertan parte hartzeko gonbidapena.

Iragan edizioetan bezalatsu, goizean zehar, Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren azken fasea jokatuko dute, herri bakoitzeko bikote batek, eta paleta saio bat ere egingo da beste guztiek ere jarduteko. Honen ostean bazkaria eta trikitilariek alaituriko bazkalosteko erromeria ere izango dira, iluntzean autobusa hartu eta berriz ere etxera bidean jarri arte.

Hitzordu honek bere izena eta lekutxoa lortu ditu gure emakumeen artean eta bat baino gehiago dira egutegian egunez egun borobiltxoak egin eta atzera kontaketan aspaldi hasi zirenak.

Eguna hurbildu ahala emango dizuegu xehetasun gehiagoren berri. Bitartean, segi bizkor!


Utzi iruzkina: