Giro ederrean amaitu da ezker hormako II. Emakumea Pilotari txapelketa

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2007-12-03 13:34

Joan den larunbatean, abenduak 1, jokatu ziren Hernanin ezker hormako II. Emakumea Pilotari txapelketako finalak. Bi final jokatu ziren, 2.mailakoa eta 1.mailakoa. Finalen aurretik Hernaniko eskolarteko paleta txapelketako finalak jokatu ziren udal kiroldegiko pilotalekuan.

Bigarren mailako finalean Bañales-Gurrutxaga eta M. Zabala-N. Zabala bikoteak aritu ziren nor baino nor txapelaren bila. Partida polita osatu zuten lau pilotariek, baina nabarmentzekoa da Miren Zabala azpeitiarrak egindakoa, oso serio eta tanto polit askoak eginez jardun baitzuen. Hasieran oreka izan bazen ere, partidaren erdialdetik aurrera bikote urdinak (Zabala-Zabala) aldea lortu zuen eta amaieran 30-23ko emaitzaz gailendu ziren. Horrenbestez, Azpeitia eta Aranora joan ziren bigarren mailako txapelak.

Lehen mailako finala Urkizu-Unanue eta Etxegia-Mendizabalek jokatu zuten. Partidaren hasierako hiruzpalau tantoak lehiatu eta orekatuak izan baziren ere, partida ez zen aurreikusi bezain borrokatu eta gogorra gertatu. Horren errudun nagusiena Maider Mendizabal anoetarra izan zen. Atzean erabat nagusitu zen eta ahal zuenetan aurrelariari pilota jotzeko aukera kenduz, jaun eta jabe izan ziren urdinak (Etxegia-Mendizabal). Mirari Etxegiak ere tanto politen bat edo beste eskaini zien bertan bildutako ikusleei. Azkenean, hortaz, ligaxkako emaitza bera izan zuen partida honek, 30-19 bukatu baitzen.

Hona finaletako emaitzekin osaturiko taula:

BAÑALES-GURRUTXAGA 23 30 ZABALA-ZABALA
URKIZU-UNANUE 19 30 ETXEGIA-MENDIZABAL

Partidak amaitu ostean txapelketan parte hartu duten 25 pilotari inguruk afaria egin zuten giro onean.

Hurrengoa Gipuzkoako emakumezkoen elkarteen arteko txapelketa izango da.

 


Utzi iruzkina: