Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011. Finalistak erabakita

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2011-02-20 20:53

Gaur goizean jokatu dira Alegiako udal pilotalekuan Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011 txapelketako finalerdiak.

Eguraldi goibelarekin hasi da goiza eta, tamalez, frontoi barruan ere giro iluna zen nagusi pilotarien artean. Egun gogorra izan da gaurkoa emakumeen pilota munduarentzat, Maika Elguezabal pilotari kanboarraren senarra atzo istripuz hil ondoren. Animo eta eutsi goiari, Maika!

Hona hemen emaitzak eta kronikatxoa:

2011ko otsailak 20, ALEGIA, 11:30

1

ESPINAR-RUIZ DE LARRAMENDI

30

25

MUNETA-GRACIET

2

CASET-MENDIZABAL

20

30

ETCHELECU-MONTES

1. partida


Ordubete eskaseko iraupena izan du partidak eta erritmo bizian jokatu dute, atsedenaldi gutxirekin, atzelarien artean, batez ere, nor baino nor gehiago kolpe indartsu bezain bortitzak tartekatuz, askotan 7tik 7ra eta airez.

Partidak bi zati ezberdin izan dituela esan genezake. Lehenengoan urdinek nagusitu eta abantaila txiki bat eskuratu dute, tartean tanto pare bat zorarragari amaitu ditu Severine Gracietek, eta Susana Munetak ere parte hartze handiagoa izan du. Horren isla argiena da markagailuan 17-12 aurreratu izana. Bigaren erdian, ordea, gorriek Muneta jokoan eroso sartzea ekidin dute, besteak beste 6. koadrora jaistera behartuz. Orduan, Gracietek ohi baino arrisku gehiago hartu eta ez du nahi beste asmatu. Espinar eta Ruiz de Larramendik une horretantxe hartu dute aurrea lehenengoz markagailuan, 25-24, eta hortik aurrera ez diete aurkariei harrapatzeko betarik eman (26-24, 27-25), amaierara arte. 30-25 irabazita merezimenduz poltsikoratu dute finalista txartela bizkaitar eta nafarrak. Muneta, Kutxa Sariko egungo txapeldunak, eta Gracietek 3.posturako partida jokatzearekin konformatu beharko dute.  

2. partida


Ordu eta laurdenean zehar aritu dira jo eta jo lau pilotariak, ez zuten bazkaritatako presarik, antza. Oso partida piloteatua izan da, 50 pilotakadatik gorako tanto bat baino gehiago izan dira, tantoak egiteko arriskua behar zenean hartu asmoz kantxaratu baitira lau pilotariak.

Hasiera parekatua izan da markagailuan behintzat, 1-1, 7-7, 9-9, baina hutsek zeresan handiagoa izan dute lorturiko tantoek baino ordura arte. Hortik aurrera, ordea, Amaia Etchelecuk, gaurkoan ez zegoen batere gorputzaldi onean aurrez aipaturiko arrazoia medio, ardura hartu eta jokoan sartzea lortu du eta min handia egin diote pilotari urdinek Maider Mendizabali, mugiarazi eta nekaraziz. Markagailuan zuloa irekitzen joan dira, 9-11, 11-18, 12-20 eta tanto aldea mantentzeko gai izan dira. Gorriak 19-26 gerturatu dira, eta bazirudien partida iraultzea lor zezaketela, dena ondo eginez gero, noski, baina urdinen arteko sinkronizazioa itzela da eta elkar ulermena ere bai, kantxa oso ongi gordez eta pilota zail asko bueltatuz. Modu honetan, Caset eta Mendizabalek arriskatu egin behar izan dute eta ez dute zortea alde izan. Bikote urdina oso sendoa da eta txapelerako euren hautagaitza aurkeztu dute gaur Alegian.  

Azpimarratu beharra dago frontoiaren eskuineko albotik sarturiko eguzkiak ere oztopo ugari jarri dizkiela pilotariei jokatzerako orduan, pilota ikusterakoan itsutu eta sarritan intuizioz kolpea egitera behartuz.

Honenbestez, ligaxkan jokaturiko partidak errepikatuko dira Beotibarren datorren larunbatean, hilak 26, goizeko 11:30etik aurrera:

2011ko otsailak 26, TOLOSA (Beotibar), 11:30

1.partida

3.-4. postua

MUNETA-GRACIET



CASET-MENDIZABAL

2.partida

 FINALA

ESPINAR-RUIZ DE LARRAMENDI



ETCHELECU-MONTES

Ziurrenik PORRA jarriko dugu martxan bihar-etzi, beraz, bertan parte hartu nahi duzuenok adi egon. Animatu!


Utzi iruzkina: