Frontoi motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011. Finalerdiak igandean
2011ko otsailak 20, ALEGIA, 11:30 |
||||
1 |
ESPINAR-RUIZ DE LARRAMENDI |
MUNETA-GRACIET |
||
2 |
CASET-MENDIZABAL |
ETCHELECU-MONTES |
Igandean, hilak 20, jokatuko dira Alegiako udal pilotalekuan Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011 txapelketako finalerdiak, 11:30ean hasita. Jarraian duzue kronika labur bat.
1. partida
Urte askoan elkarrekin bikotea osatu izan duten, eta oraindik ere makina batetan batera aritzen diren, bi pilotari handi izango dira aurrez aurre: Maite Ruiz de Larramendi eta Susana Muneta. Elkar ezagutza horrek zenbaterainoko eragina izan dezakeen ikusteko dago, baina, lehia parekatu bezain gogorra izatea aurreikusten da. Palmares amaigabe bezain oparoa dute biek ala biek ere. Lehena egungo trinketeko munduko txapelduna da, eta, bigarrena, aldiz, iazko edizioko Frontoi Motzeko Kutxa Sariko garaileetako bat, besteak beste. Patri Espinar aurrelari biziaren eta Severine Graciet atzelari indartsuaren jokoak ere izango du zeresanik, hutsik gutxien egiten dituenak finalerako txartela eskura baitezake partida amaieran. Honenbestez, faboritorik gabeko eta tentsio zein urduritasun handiko norgehiagoka espero da jaialdiari hasiera emateko.
2. partida
Bigarren finalerdiak ere aurrekoaren tankera bertsua du. Kasu honetan ere gorriak ligaxkan partidarik galdu gabe datoz, baina, aurrez baturiko puntuek ez dute garrantzirik, partida bakarrean erabakiko baita nork egin aurrera eta nor geratuko den finaletik at.
Amaia Etchelecu eta Ainhoa Montesen jokoak oso ongi bateratu dira orain arte, baten kolpe bizia eta bestearen iraupen zein erregulartasunak tandem ederra osatu baitute. Aurore Caset eta Maider Mendizabalek ere elkar ulermen handia erakutsi dute eta bigarrenaren ahal teknikoa parekorik gabea da une honetan. Beraz, urduritasunari eta tentsioari hortzak erakutsi eta hauek ongi kudeatzeak garrantzi handia izan lezake. Baita partidaren hasieran hutsik ez egiteak ere. Ez da erraza norbaiten alde apustu egitea.
Honenbestez, ikuskizuna ziurtaturik dago.
Igandera arte... Ongi etorri!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: