Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011. Finalaren zain

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2011-02-23 10:46

Larunbatean, hilak 26, jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011 txapelketako finala eta 3. eta 4. postuak zehazteko norgehiagoka. Jaialdia 11:30ean hasiko da.   

Hona hemen jaialdiaren berri:

2011ko otsailak 26, BEOTIBAR (Tolosa), 11:30

1.partida

3-4.postua

MUNETA-GRACIET



CASET-MENDIZABAL

2. partida

FINALA

ESPINAR-RUIZ DE LARRAMENDI



ETCHELECU-MONTES

1. partida. 3-4.postua

Txapelketako estreinako jardunaldian Zumarragan jokaturiko partidaren errebantxa izan liteke bat baino gehiagorentzat, justu neurketa hau bera jokatu zelako, baina ez dirudi antzekotasun handiegirik izango duenik. Orduan 30-19 nagusitu ziren Caset eta Mendizabal. Bikote gorriak (argazkian urdinez daude) nabarmen egin du gora ordutik, ordea, batez ere Gracieten hobekuntza azkarrari esker, askoz ere hobeto kokatzen da kantxan eta segurtasun handiagoa erakutsi du. Munetak maila emango duela espero da eta elkar ondo hartuz gero bikote arriskutsua izango da Aurore Caset eta Maider Mendizabalentzat. Bikote urdinak ere lehiarako grina izango du, baina, eta Mendizabalek bere teknika aberatsari zukua ateratzea lortzen badu, kantxan eroso xamar jarduteko aukerarik badu, oso zaila da gain hartzea. Honenbestez, faboritorik gabeko neurketa eta gogorra izatea espero da podiumeko koskarik baxuena erabakitzeko hau.

2. partida. FINALA

Bi bikote hauek ere elkarrekin neurtuta datoz finalera, Hernanin, ligaxkako 2. jardunaldian. Orduan, ordea, Amaia Etchelecuk belaunean kolpea hartu eta ez zuen partida amaitzerik izan. Garaipena Espinar eta Ruiz de Larramendik lortu zuten, 30-20, Agirre eta Montesen aurka. Hala ere, ez dirudi egoera horrek eta larunbatekoak tankera handirik izango dutenik.

Bikote gorrian (argazkian urdinez daude) Ruiz de Larramendi da ardura hartzen duena, pilotakada indartsuak jo eta pilota erraztasun handiz atzeratuz. Espinarrek, berriz, kideak sorturiko hutsuneak aprobetxatuz tantoa amaitzeko aukerak izan ohi ditu. Hori lortuz gero zaila izango da menpean hartzea. Etchelecu eta Montesek osaturikoa ere bikote sendoa da, ordea, aurrelariak asko laguntzen dio Ainhoari, pilota txar asko kendu, kolpe biziarekin atzeratu eta jokoan erritmo bizia jarriz eta atzelariak duen iraupenak merezi du aipamena, segi eta segi luze aritu baitaiteke. Honenbestez, hemen ere ezin pronostikorik eman.

Aurten ere txapeldun berriak izango ditu goi-mailako lehiaketa honek. Hemen orain arteko palmaresa:

1. edizioa (2008): Elguezabal-Mendizabal

2. edizioa (2009): Elguezabal-Arozena

3. edizioa (2010): Muneta-Serre

4. edizioa (2011): ??????

Aurreko edizioetan jendetza bildu izan da partida hauek ikustera, egia esan ikuskizun bikaina izaten da, eta aurten ere hala izatea espero da.

Denok zaudete gonbidatuta!


Utzi iruzkina: