Frontoi motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011. 2.jardunaldiko kronika

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2011-02-06 18:29

2011ko otsailak 6, HERNANI, 11:00

1

MUNETA-GRACIET

30

14

MANZISIDOR-SERRE

2

ETCHELECU*-MONTES

20

30

ESPINAR-RUIZ de LARRAMENDI

*Iera Agirrek ordezkatu du min hartu ostean.

Gaur, hilak 6, jokatu dira Hernaniko udal pilotalekuan Frontoi motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011 txapelketako ligaxkako 2. jardunaldiko norgehiagokak, goizeko 11:00etan hasita. Jarraian duzue bertan jazotakoaren berri zehatzago.

1. partida

MUNETA-GRACIET,30 / MANZISIDOR-SERRE,14


Markagailuan alde nabarmena izan da jaialdiari hasiera eman dion norgehiagokan, eta jokoan ere nagusitasuna agertu dute gorriek, batez ere tantoak amaitzeko garaian. Hala ere, partida hiru ordu laurdenetik gora joan da, tantoak landuak eta pilotakada dezentekoak izan diren seinale.

Muneta-Graciet bikoak ondo hartu du elkar, Zumarragan baino hobeto sinkronizatu dira, eta horri esker partida txukuna jokatuta etxeratu dute ligaxkako euren garaipen bakarra. Susana Munetak bere mailaren berri eman du beste behin ere eta Goiatz Manzisidor baino gehiago izan da aurreko koadroetan. Atzeko koadroetan, berriz, sari honetako egungo txapelduna den Amaia Serrek ez du, agian, iazko mailarik eman eta gehiago eman dezakeen ustearekin etxeratu dira ikusle bat baino gehiago.

Gauzak hala, puri-purian dago sailkapena multzo honetan eta datorren astean, ligaxkako azken jardunaldian, jakingo da finalerdietarako sailkapena zein bi bikotek poltsikoratu duten.

Manzisidor-Serre eta Caset-Mendizabalek neurtuko dituzte indarrak. Lehenengoentzat ezinbestekoa da garaipena, eta tanto alde polita ere bai, finalerdietan izan nahi badute, aurkariek Zumarragan eskuratu baitzuten ligaxkako euren lehen garaipena.

2. partida

ETCHELECU*-MONTES,20 / ESPINAR-RUIZ de LARRAMENDI,30


Ordu eta laurden inguruko iraupena izan du jaialdiko azken neurketak eta, zoritxarrez, ikara pixka bat sortu da bertaratuen artean une batean, Amaia Etchelecuk ezkerrean moztutako pilota bat itzuli nahian hormaren aurka talka egin eta ezkerreko belaunaren inguruan hartutako kolpea medio. Markagailua 11-8 zen bikote urdinaren alde eta geldialdi bat egin ostean pilotari lapurtarrak pare bat tantoan jarraitzeko saiakera egin arren, Iera Agirre, “Gaztelu”, ordezkoak hartu du bere lekua.

Partida lesio batek baldintzatu duela begi bistakoa izanik ere, Espinar eta Ruiz de Larramendik osaturiko bikoteak ez du estutasun izugarririk ere igaro garaipenera bidean. Atzelari eulatearrak ondo baino hobeto burutu du bere lana, seguru eta dotore, eta aurrelari galdakoztar biziak ere utzi ditu bere mailaren zertzelada batzuk, agian, amaierako zatian izaniko hutsek bere partida pittin bat okertu arren. Ainhoa Montesek ere partida ona osatu du eta Iera Agirreri ere bere meritua aitortu behar zaio, ez baita batere erraza halako partida batean hotzean sartu eta norbere maila erakustea.

Amaieran, beraz, urdinentzat garaipena eta, gorrientzat, galdu arren, finalerdietarako lehen txartela, 16 tantotik gora egitea nahikoa baitzuten Alegiarako bidean jartzeko. Orain ikusgai dago zein lesio duen Amaia Etchelecu aurrelari donibandarrak eta ea hemendik bi asterako errekuperatuko den.

Datorren igandean, hilak 13, Espinar-Ruiz de Larramendi eta Elguezabal-Arozenaren arteko neurketan erabakiko da zein bikotek eskuratuko duen finalerdietarako multzo honetako bigarren txartela.


Utzi iruzkina: