Frontoi motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2011. 1.jardunaldiko kronika

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2011-01-30 18:09

2011ko urtarrilak 30, ZUMARRAGA, 11:30

1

ELGUEZABAL-AROZENA

15

30

ETCHELECU-MONTES

2

CASET-MENDIZABAL

30

19

MUNETA-GRACIET

Hona hemen Zumarragako Beloki pilotalekuan gaur goiz-eguerdi  partean ikusi eta bizitakoaren kronikatxo bat. Bada ez bada ere, ez ahaztu betaurrekoen atzean ezkutatuko bi begik ikusitakoa dela, beraz, ez objektiboa, eta, ziurrenik, ezta zuzenena ere, beste bat baino ez!

Garaipena eskuratutako Etchelecu-Montes eta Caset-Mendizabal bikoteek ez dute ia une batean ere izan beldurtzeko arrazoi handiegirik, partida erdira iristerako alde polita baitzuten markagailuan, nahiz eta egia den aurkariek ez dutela azken pilotakadara arte amorerik eman.

1. partida


Markagailuan alde nabarmen xamarra bistakoa den arren, ordubeteko muga igaro du edizio honetako 1. norgehiagokak. Izan ere, tanto bakoitza dezente landu eta piloteatua izan da, arriskua batez ere oso momentu zehatz eta jakinetan tentatuz, tantoak aurrera egin ahala aurkarien ezina baliatzen saiatu baitira.  

Etchelecu-Montes bikoa nagusi izan da partidaren hasieratik (1-4, 3-8, 7-15, 7-20, 15-26 eta 15-30), oso ondo hartu dute elkar eta ulermen eta koordinazio maila horri esker partida txukun askoa jokatuta etxeratu dute hain garrantzitsua izan litekeen aurreneko garaipena. Amaia Etchelecu donibandarra izan da nagusi kantxan, oso tanto onak eginaz eta bere kolpe bizi eta indartsuari zukua ateraz. Pilota 3-4 aldiz errebotean sartu du, besteak beste. Ainhoa Montesek ere ongi jardun du eta gorriek markagailuan atzetik joan beharraren zama nozitu dute azkenerako. Oro har, baina, partida gogor eta luzea jokatuta burutu dituzte gaurko betebeharrak guzti-guztiek.

2. partida


Eguerdiko ordu batak gertu ziren 2. neurketa hau hasterako. Hiru ordu laurden inguruko iraupena izan du, huts bat baino gehiago ikusi ditugu, eta Caset eta Mendizabalek irabazi dute.

Neurketa honetan ezker hormako txapelketa batean lehen aldia zuten bi pilotari ziren: Aurore Caset aurrelari gorria eta Severine Graciet atzelari urdina. Trinketean jarduten dute normalean, Ipar Euskal Herrian, eta, batez ere, Gracieti nabaritu zaio ohitura falta. Hala ere, bere indarraren zertzelada batzuk jaso ditu ikusleak, aintzat hartuz alboko kolpeaz baliatuz pilota errebotera ere bidali duela.

Bikote gorriak partidaren erdibidea osatzerako abantailatxoa lortu badu ere (15-9), Susana Munetak jokoan sartu eta bikoteko ardura hartzearen poderioz, 18-15era ere hurbildu dira, erreakzio bati esker, baina gorriek ongi ekidin dute aurrelari urdina jokoan sartzea, partida atzean desorekatuz, Mendizabalen esperientzia, ahala eta klasea lagun hartuta, eta ia zuzenean iritsi dira 30. tantura (23-16, 27-19 eta  30-19). Sorpresa atsegina izan da ikusle askorentzat Caseten joko-maila ere, tantuak amaitzeko trebezia berezirik agertu ez arren, bere lana oso ongi bete eta Mendizabali laguntza eskainiz. Esan liteke behenafarra izan dela gaur eguerdi parteko sorpresa atseginenetako bat.

2. jardunaldiko partidak Hernaniko udal pilotalekuan jokatuko dira, gaur zortzi, otsailaren 6an, ordu berean hasita. Xehetasunak datorren asteak aurrera egin ahala pantailaratuko ditugu. Bitartean, ondo izan!


Utzi iruzkina: