Finalen asteburua da hau

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2008-03-05 22:37

Joan zen asteburuan finalerdietako neurketak jokatu ostean, asteburu honetan Emakumea Pilotari proiektuaren baitan federatuentzat martxan diren bi txapelketen amaiera izango da.

I. Emakumea Pilotari Irekia

Datorren larunbatean, martxoak 8, amaituko da Agiñan martxan den Irekia. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera bi partida jokatuko dira. Lehenengoa, 3 eta 4. postuetarakoa izango da eta bigarrena, berriz, finala.

Txapelketa hau martxan jarri zenean faboritotzat jo ziren bi bikoteak heldu dira azkenean finalera, nahiz eta bidean norgehiagoka esturen bat edo beste jokatu beharrean izan diren.

Hona hemen larunbatean jokatuko diren partiden berri:

1. TALDEA 2. TALDEA
3-4. posturako Goenaga-Lucas Pagola-Ugalde
Finala Redondo-Errasti Zabala-Fernandez

Hasiera batean, behintzat, badirudi gorriz arituko diren bikoteak (Goenaga-Lucas eta Redondo-Errasti) direla euren partidak irabazteko faborito nahiko argiak, baina jakin badakigu besteak ez direla etsita joango, baizik eta lehiarako prest.

Giro polita espero da larunbaterako, Irekian parte hartu duten ia pilotari gehienak bertaratuko direlako Agiñara, euren saritxoak jaso eta paleta aitzakitzat hartuta arratsalde pasa egitera. Bertaratzen zaretenok jakin ezazue amaieran luntx moduko bat izango dela nahi duen ororentzat.

Emakumezkoen I. El Diario Vasco Saria

Hernanin joan den igandean, martxoaren 2an, jokatu ziren Emakumezkoen I. El Diario Vasco Sariko finalerdiak. Partidu ikusgarri eta politak izan ziren biak ala biak, nahiz eta bigarrena askoz ere estuagoa izan zen lehena baino markagailuari erreparatuz gero. Hona hemen joan zen igandean jokatu ziren partiden berri:

1. TALDEA 2. TALDEA
Elguezabal-Mendizabal 30 18 Agirre-Ruiz de Larramendi
Housset-Montes 27 30 Urkizu-Serre

Finalerdietan galtzaile suertatu ziren bi bikoteek 3 eta 4. postuetarako partida jokatuko dute eta garaileek, berriz, final handia. Beraz, 16 pilotarirekin hasi zen sari hau ere azken txanpan sartuta da.

Hona hemen datorren igandeko partiden berri: 

1. Taldea 2. Taldea
3-4. postuak Housset-Montes Agirre-Ruiz de Larramendi
Finala Elguezabal-Mendizabal Urkizu-Serre

Finala Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko da datorren igandean, martxoaren 9an, goizeko 11:30etan hasita. Lehenik 3-4.posturako partida eta ondoren final handia izango da.

Zorte on denoi eta onenek irabaz bezate!!!

 


Utzi iruzkina: