Ezker hormako IV. Emakumea Pilotari Txapelketa-Kutxa Saria. FINALAK

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-11-18 13:24

Datorren larunbatean, azaroaren 21ean, jokatuko dira Hernaniko udal pilotalekuan ezker hormako IV. Emakumea Pilotari txapelketako finalak. Jaialdia arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta bi partida jokatuko dira, 2. eta 1. mailako finalak, hurrenez hurren.

 

       

2. mailako finaleko partehartzaileen artetik hiru laurdenak hernaniarrak dira: Ane Lizeaga, Leire Lucas eta Garbiñe Tijero. Vanessa Ezcurdia donostiarrarekin osatuko du bikotea denetan beteranoenak, Garbiñe Tijerok. Hernaniko nesken pilota eskolako arduradun lanetan urte asko daramatza, gainera. Beraz, ez du animo faltarik izango, gertuko zein berak entrenatutakoak bertaratuko dira-eta. Vanessa Ezcurdia hasiberria izango du atzean lagun. Bitxikeria gisa, bi ezkerrek osatuko dute Tijero-Ezcurdia bikotea. Lizeaga-Lucas bikotean, berriz, azpimarragarria da Leire Lucasek bigarren txapela eskuratu dezakela jarraian, iaz Dominguezekin batera nagusitu baitzitzaion Tijero-Urbieta bikoteari. Ane Lizeagak, bere lehen partehartzean, lan polita egin du aurrean Leireri lagunduz eta txapelerako lehian aritzeko aukera izango du. 

Bi bikoteak partidarik galdu gabe helduko dira larunbateko finalera, sendotasun eta ziurtasunez jokatu ostean orain arteko neurketetan. Beraz, lehia estua izatea espero da.

 

 

1. mailari dagokionean, bi munduko txapeldun arituko dira atzeko koadroetan nor baino nor: Maider Mendizabal anoetarra eta Nagore Arozena lizartzarra. Lehenak Miren Zabala azpeitiarra izango du lagun aurrean eta, bigarrenak, aldiz, Mirari Etxegia goizuetarra. Maider Mendizabalek bi txapel ditu etxean, jokatutako bi edizioetan lortuak, iaz ordezko lanetan aritu baitzen Kuban Trinketeko Munduko Kopa jokatzen aritu zirela-eta. Nagore Arozenak lehen edizioko finalean amore eman behar izan zuen Mendizabalen aurka, 30-27 galduta, eta bigarren edizioan finalerdietan esan zion agur txapelketari. Hau ere ordezko aritu zen iaz. Mirari Etxegiak II. edizioan lortu zuen txapela janztea, Mendizabalekin bikotea osatuta eta Miren Zabalak edizio berean 2. mailako txapela bururatu zuen N. Zabalarekin bikotea osatuta. Bi bikote hauek “final aurreratua” jokatu zuten Lizartzan iragan larunbatean, azaroaren 14an, ligaxkako 7. eta azken jardunaldian. Orduko hartan 30-24 nagusitu zen M.Zabala-Mendizabal bikoa, beraz, eurak izango dira faborito. 

 

Hona hemen partiden berri:                                                                                                    

 

HERNANI
Finalak

TIJERO-EZCURDIA

LIZEAGA-LUCAS

2. maila

17:00, 1. part.

M. ZABALA-MENDIZABAL

ETXEGIA-AROZENA

1. maila

17:00, 2. part.

 

Finaletara ikusle kopuru polita bertaratzea desio du antolakuntzak, beraz, lerro hauen bitartez luzatu nahi dizuegu ikuskizun polit honez bertatik bertara gozatzeko gonbidapena.

 


Utzi iruzkina: