Ezker hormako IV. Emakumea Pilotari Txapelketa-Kutxa Saria. 2.jard.-Emaitzak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-10-10 09:37

3 partida jokatu ziren atzo Orioko pilotaleku berrituan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Guztiak ere lehen mailakoak, 2. mailako pilotariek jai izango baitute asteburu honetan.

 

Hona hemen emaitzak: 

2009/10/09
ORIO

ESPINAR-INZIARTE

30

PIEROLA-Maddi MENDIZABAL

27

ETXEGIA-AROZENA

30

REDONDO-MONTES

20

FERNANDEZ-MANZISIDOR

30

I. URKIZU-ERRASTI

20

Lehen partidan amaierara arte emozio handia izan zen, azkenean garaipena eskuratu zuen bikotea (Espinar-Inziarte) atzetik joan baitzen markagailuan 26. tantora arte. Amaieran, beraz, lehen partidan garaipena etxeratu zuten Patri eta Alaznek. Estitxu eta Maddik, berriz, hurrengo aukeraren zain egon beharko dute.

 

Arratsaldeko bigarren partidan, garaipen bana lortuta, multzoko lidertza zuten jokoan Etxegia-Arozena eta Redondo-Montesek. Bi atzelariak oso erregular eta seguruak dira, pilota oso gutxi galtzen dituztenak, eta lehia parekatua espero zen. Hasi orduko, baina, zulo oso nabarmena ireki zuten markagailuan Mirari eta Nagorek (23-7) eta, itxura batean, bazirudien ziztu batean emango ziotela errematea Maite Redondo eta Ainhoa Montesek osatutako bikoteari. Hauek, ordea, berandu izan bazen ere, erreakzionatu eta aldea 6-7 tantora murriztea lortu zuten. Amaieran, ordea, Nagorek berriz ere bere maila eman eta une honetan 2tik 2 partida irabazita oso bikote sendoa da Etxegia-Arozenak osatutakoa.  

 

 

Jardunaldia itxi zuen partidan, berriz, lehen garaipena lortu zuten Uxue Fernandez eta Goiatz Manzisidorrek Itsaso Urkizu eta Dolo Errastiren aurka. Estrategia ondo zehaztuta kantxaratu ziren gorriak, tantoa lortzeko pilota atzeratzea eta Itsaso eroso ez aritzea beharrezko zutela jakitun. Eta, atzo bederen, esan eta egin izan zen euren leloa. Ez zioten bikote urdinari partidari buelta emateko aukerarik eman, hasiera-hasieratik aurrea hartuta. Partidaren erdi aldera estualdiren bat pasa zuten, hala ere.

 

3. jardunaldia urriaren 17an jokatuko da, Tolosa eta Villabonako pilotalekuetan.


Utzi iruzkina: