Ezker hormako IV. Emakumea Pilotari Txapelketa-Kutxa Saria. 2.jardunaldia
Datorren ostiralean, urriaren 9an, jokatuko da ezker hormako IV. Emakumea Pilotari txapelketa-Kutxa Sariko 2. jardunaldia Orioko udal pilotalekuan. Lehen jardunaldia Urretxuko eta Zaldibiko pilotalekuetan jokatu zen iragan larunbatean.
Guztira 3 partida jokatuko dira Orion, arratsaldeko 19:00etan hasita. Den-denak lehen mailakoak, gainera, 2. mailako pilotariek jai izango baitute asteburu honetan.
Hona hemen partiden berri:
2009/10/09 |
ESPINAR-INZIARTE |
PIEROLA-Maddi MENDIZABAL |
ETXEGIA-AROZENA |
REDONDO-MONTES | |
FERNANDEZ-MANZISIDOR |
I. URKIZU-ERRASTI |
Lehen partidan lehen mailan estreinakoz ari diren bi atzelari (Inziarte eta Maddi Mendizabal) izango dira nor baino nor. Aurrelariek esperientzia handiagoa dute, beraz, eurei dagokie ardura nagusiena hartzea.
Bigarrenean, berriz, garaipen bana lortuta, multzoko lidergoa izango dute jokoan Etxegia-Arozena eta Redondo-Montesek. Maite Redondo oriotarrak Ainhoa Montes astigarragarrarekin jokatuko du, baina, Mirari Etxegia eta Nagore Arozenak osatutakoa ere oso bikote orekatu eta erregularra da. Nagore Arozena trinketeko egungo munduko txapeldunetako bat da. Beraz, ez da ikusmin eta tentsiorik faltako.
Jardunaldia itxiko duen partidan, berriz, lehen garaipenaren bila kantxaratuko dira lau pilotariak, aurreko asteburuan galdu ostean. Tartean arituko da Orioko pilota elkarteko kide den Dolo Errasti atzelari aginagarra.
Txapelketa honek Urola Kostan beste hiru geldialdi ere izango ditu, seigarren eta zazpigarren jardunaldietan, eta finalak ere eskualde berean jokatuko dira. Aian jokatuko da azaroaren 7ko jardunaldiaren erdia eta, Getarian, berriz, azaroaren 14an, 2. mailako finalerdiak jokatuko dira bertako pilotalekuan. Finalak, iazko arrakastaren ondorioz, Zarauzko Aritzbatalden jokatuko dira azaroaren 21ean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: