Etxegia-Garmendia eta Goikoetxea-Evaristti txapeldun trinketeko emakumea pilotarin

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2012-07-05 01:36

Pasa den larunbatean ospaturiko trinketeko Emakumea Pilotari txapelketan Su-Berriko bi pilotari nagusitu dira 1. mailan zein 2. mailan.

Goizeko lehenengo finala 2. mailakoa izan zen eta bertan Mirari Etxegia (Orio) eta Ainhoa Garmendiak (Su-Berri) finalera partidarik galdu gabe iritsitako Maite Redondo (Zarautz) eta Ariane Arrieta (Hernani) mendean hartu zituzten. Ainhoa Garmendia urduri xamar eta lekuz kanpo agertu bazen ere partida hasieran, pixkanaka hobeto jokatzen hasi zen eta Etxegia bikotekidearen laguntzarekin, partida 22 tanton berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, Redondo eta Arrieta saiatu ziren arren, ezin izan zuten partida aurrera atera ligaxkan gertatu bezala.

Bigarren partidan berriz, 1. mailakoen final borrokatua ikusteko aukera izan zen. Norgehiagoka hau atzelarien arteko borroka izan zen eta azkenean Evaristtik bere maila teknikoari esker, Manzisidor (Hernani) bere gain hartu zuen. Aurrelariak ere gogotsu aritu ziren baina Goikoetxearen gaztetasun eta arintasuna Echaveren (Zarautz) esperientziari gailendu zitzaion. Honenbestez, Miren Goikoetxea (Hernani) eta Naty Evaristtik (Su-Berri) txapela bereganatzea lortu zuten.

Hona hemen emaitzak:

2012/06/30
FINALAK

Redondo-Arrieta

23

30

Etxegia-Garmendia

Goikoetxea-Evaristti

30

25

Echave-Manzisidor


Utzi iruzkina: