Emakumezkoen II. El Diario Vasco Saria. 2.jardunaldiko kronika
Otsailaren 8an, pasa berri den igandean, jokatu ziren Hernaniko udal pilotalekuan ligaxkako 2. jardunaldiko partidak. 60-70 lagun bildu ziren bertan, nesken partidak ikusiz goiza pasa asmoz.
Hona hemen emaitzen taula eta partida bakoitzaren inguruko iruzkinen bat edo beste:
Multzoa | 1. taldea | 2. taldea | Ordena | ||
B |
Fernandez-Ruiz de Larramendi |
30 | 14 | Etchelecu-Argain | 1.partida |
A | Muneta-Bordagaray | 23 | 30 | Elguezabal-Arozena | 2.partida |
Fernandez-Ruiz de Larramendi, 30 - Etchelecu-Argain, 14
B multzoko partida honek eman zion hasiera jaialdiari. Pilotariak behar beste denboraz heldu ziren pilotalekura, presak alboratu eta 11.30 puntu-puntuan zirenean lehiari ekiteko.
Egoera ezberdinean kantxaratu ziren bi bikoteak, urdinek derrigor irabazi beharra baitzuten finalerdietan izateko aukerekin jarraitzeko eta gorrientzat, berriz, euren lehen partida baitzen. Eta hori jokoan ere nabaritu zen, urdinek ohi baino askoz ere huts gehiago egin baitzituzten tantoa amaitu nahi horretan. Bikote gorriak, berriz, partida nahiko zuzena egin zuen, besteek baino gutxiago galtzea nahikoa izan baitzuten 30era heltzeko.
Honenbestez, B multzoan, azken jardunaldia falta bada ere, erabakita dago zein bi bikotek jokatuko duten finalerdietan.
Muneta-Bordagaray, 23 - Elguezabal-Arozena, 30
Oso partida gogor, berdindu eta luzea jokatu zuten lau pilotariek, ia ordu eta erdira heldu baitzen. Hemen ere urdinek irabaztea beharrezkoa zuten finalerdietan izateko, eta, gorriek, lehen neurketa zuten.
Fisikoki sasoian eta indartsu daudela erakutsi zuten, batez ere, bi atzelariek, joko guztia atzera bideratu baitzuten bi bikoteek. Tanto benetan luzeak jokatu zituzten, errebotetik ere itzuli zituzten pilota batzuk, eta tantoa majo landuta lortzen zuten markagailura igotzea.
Partida erdialdera arte bizpahiru tantoko aldea izan zuten behin baino gehiagotan gorriek, baina 18-18ko berdinketaren ostean hasi zen benetako partida. Munetak ez zuen bere egunik onena izan eta tantoa aurrean amaitzen saiatu ordez atzera bidaltzen zuen pilota, aurkaria Nagore Arozena nekaezina zela jakinda ere. Azkenean, tanto aldeari esker, garaipena eta finalerdietarako txartela eskuratu zituzten urdinek.
Urretxun erabakiko da nor izango den A multzoan sailkatuko den beste bikotea. Espinar-Serrek irabazi edo 25 tanto egitea nahikoa dute. Muneta-Bordagaray-k, berriz, irabazi eta aurkariak 24 tantotik behera utzi beharko dituzte.
Ligaxkako azken jardunaldian ere ez da emoziorik faltako, beraz!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: