Emakumezkoen II. El Diario Vasco Saria. 1. jardunaldiko kronika
Pasa berri den asteburuan, igandean hain justu ere, jokatu zen Egiako pilotalekuan Emakumezkoen II. El Diario Vasco Sariko 1. jardunaldia. Behean daukazue partida bakoitzeko kronikatxoa, eta baita argazkiren bat edo beste ere (gehiago Argazki galerian).
1. Elguezabal-Arozena, 26 / Espinar-Unanue, 30
Partida ikusgarri bezain gogor eta estua izan zen txapelketari hasiera eman zion norgehiagoka. Ordu eta laurdeneko iraupena izan zuen, eta tanto luze eta on asko izan zituen.
Oihana Unanue min hartuta zegoen Amaia Serren ordez aritu zen, eta partida bikaina jokatu zuen aurten ordezko izatea tokatu zaion azpeitiarrak. Patri Espinar aurrelari galdakoztarrak ere partida oso ona jokatu zuen, tanto asko lortuz eta pilota berak nahi zuen lekura botaz gehinetan. Bikote gorriak ere neurketa ona egin zuen, baina aurrean tantoak amaitzerakoan zegoen aldea erabakigarria izan zela esan liteke.
2. Etchelecu-Argain, 24 / Urkizu-Montes, 30
Ordubeteren bueltan aritu ziren jo eta jo lau pilotariak eta partida nahiko parekatua izan zen azken txanpara arte. Huts dezente izan ziren, baina ez zen emoziorik falta izan.
Amaia Etchelecu aurrelari lohizundarrak lehen neurketa zuen era honetako ezker hormako txapelketa batean eta maila ona eman zuen. Hutsen batzuk egin bazituen ere, oso bizi ematen dio pilotari, partidaren erritmoa igoz bera sartzen denean, eta badaki jokaldiak egiten. Edurne Argain iruritarrarekin ari da jokatzen eta honek ere kolpe oso indartsua du. Igandean, baina, huts erabakigarriak egin zituen azken txanpan.
Itsaso Urkizu eta Ainhoa Montes aritu ziren urdinez. Berastegiko aurrelariak akats batzuk egin zituen eta ez zuen bere mailarik eman. Hala eta guztiz ere, Montesen segurtasun eta erregulartasunari esker, poltsikoan dute lehen puntua.
Datorren igandean, otsailaren 8an, Hernaniko kiroldegiko pilotalekuan jokatuko dira 2. jardunaldiko partidak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: