Emakumezkoen I. El Diario Vasco Saria. Finalerdiak erabakita
Asteburu honetan jokatu dira ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldiko neurketak Emakumezkoen I. El Diario Vasco Sariaren baitan.
OTSAILAK 22, Amasa
Evaristti-Unanue | 16 | 30 | Housset-Montes |
Fernandez-Arozena | 16 | 30 | Elguezabal-Mendizabal |
1. Evaristti-Unanue 16 / Housset-Montes 30
Txapelketako azken neurketa zuten Evaristti-Unanuek joan zen ostiralekoa eta lehiarako prest zirela hasiera-hasieratik nabarmendu zuten. Partidu polit eta lehiatua jokatu zuten lau pilotariek, nahiz eta, euren segurtasun eta jokoari esker, txapelketako hiru partiduak irabazita sailkatu diren finalerdietara Housset eta Montes.
2. Fernandez-Arozena 16 / Elguezabal-Mendizabal 30
Aurretik jokatu zen partiduko emaitza berarekin amaitu arren, ez zen hainbesteko orekarik izan Amasan jokatutako 2. neurketan. Izan ere, Fernandezek partidu oso kaxkarra jokatu zuen, pilota asko galdu zituen, eta Elguezabal-Mendizabal bikoteari garaipena eskuratzeko bidea erraztu zion. Elguezabal-Mendizabal bikotea ere hirutik hiru garaipen eskuratuta igaro da finalerdietara.
OTSAILAK 24, Egia
Muneta-Gordon | 29 | 30 | Urkizu-Serre |
Agirre-Ruiz de Larramendi | 30 | 14 | Manzisidor-Argain |
1. Muneta-Gordon 29 / Urkizu-Serre 30
Partidu lehiatu, orekatu eta benetan gogorra izan zen Egian jokatutako lehenengoa. Urkizu eta Serrek partidu erditik aurrera markagailuan aldea ireki zuten arren (24-18 edo 25-21), Muneta eta Gordon ez zeuden amore emateko prest, eta benetan bukaera bizi eta estua izan zuen partiduak. Izan ere, 29-29 berdindu eta azken tantoan erabaki zen partidua, Itsaso Urkizuk ezkerrera bidalitako pilotakadari esker. Urkizu-Serrek ere finalerdiak jokatuko dituzte. Muneta-Gordonek, berriz, etxerako bidea hartu zuten atzo.
2. Agirre-Ruiz de Larramendi 30 / Manzisidor-Argain 14
Partiduaren hasiera-hasieratik aldea egon zen bi bikoteen artean, Maite Ruiz de Larramendiren segurtasuna eta Iera Agirreren tantoa amaitzeko abileziari esker. Manzisidor-Argain bikoteak pilota asko galdu zituen hasiera horretan eta nahiko erraz nagusitu ziren, horrenbestez, Agirre eta Ruiz de Larramendi. Finalerdietarako txartela eskuratu zuten bi nafarrek, ezinbestean behar zuten garaipena eskuratu ostean.
Behin ligaxka amaitu ostean, honako lau bikote hauek neurtuko dituzte euren indarrak, martxoaren 2an, Hernanin jokatuko diren finalerdietan:
- Elguezabal-Mendizabal / Agirre-Ruiz de Larramendi
- Housset-Montes / Urkizu-Serre
Zorionak pilotari denoi eta zorte on sailkatuoi!!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: