Emakumeentzako paleta ikastaroa Oiartzunen

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-11-11 14:07

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, 18 urtetik gorako emakumeentzako paleta ikastaroa jarriko du martxan, aurten lehen aldiz, Oiartzunen. 2004tik Gipuzkoako hainbat herritan abian den Emakumea Pilotari proiektuaren baitan kokatzen da jarduera hau, partaidetzako kirolaren barruan hain justu. Egitasmoa euskal pilotan emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz jarri zen abian eta helburu berarekin darrai Gipuzkoan zehar hedatzen.

 

Azarotik ekainera, astean behingo maiztasunarekin, ordu eta erdiko paleta saioak egingo dituzte bertaratzen direnek, teniseko pilotarekin eta paleta arinekin. Saioak zuzentzeko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietan lizentziaturiko teknikari bat izango dute. Ikasturtearen amaieran, gainera, azken festa batean, Gipuzkoako herri ezberdinetan (Ibarra, Tolosa, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Hernani, Zarautz eta Getaria) ikastaroa egiten ari diren emakumeekin bilduko dira, Emakumea Pilotari egunean. Iaz 80 elkartu ziren eta egun pasa ederra egin zuten Iruran. Ikasturtean zehar, berriz, 120 emakumetik gora jardun ziren Gipuzkoan barrena antolatutako ikastaroetan.

 

Hona hemen ikastaroaren ordutegia:

·        Astelehenak, 20:00-21:30

 

Ikastaroaren ezaugarririk nagusienak hauek dira:

  • Hasiera: azaroaren 30ean
  • Amaiera: ekainaren amaieran
  • Materiala: irakasleak eramango du.
  • Pilotalekua: Haurtzaro ikastolakoa
  • Ikastaroaren kuota: 105€/ikastaro osoa + asegurua
  • Informazio stand-a: azaroaren 16an kiroldegian (goizez)

 

Ikastaroan izena eman nahi dutenek azaroaren 16tik 28ra arte izango dute aukera, bai Oiartzungo kiroldegian eta baita Gazte Informazio bulegoan ere, izenemate orriak betez. Horrez gain, 665988588 telefono zenbakian ere eman liteke izena. Azaroaren 16an, izenematearen irekiera egunean, informazio stand bat jarriko da goizez Oiartzungo kiroldegian, nahi duen orori informazioa zuzenean eman eta zalantzak argitzeko asmoz.

 

Hortaz, badakizue, emakumezkoa izan eta pilota atsegin baduzu, paletan aritzeko aukera ezinhobea daukazue. Astean behin behintzat, paleta ardatz hartuta, lagun giro atseginean, ariketa fisikoa egin eta izerdi pixka bat botatzeak merezi du. Ez galdu alperrik aukera eder hau!!!


Utzi iruzkina: