Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Saria 2010. Txapelak Lapurdira

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2010-06-28 09:19

Atzo, hilak 27, amaitu zen Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Saria 2010. Azken jardunaldia ere Irungo Ramuntxo Berri trinketean jokatu zen, goizeko 11:30etik aurrera.

Jaialdia bi norgehiagokak osatu zuten, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidarekin hasi eta final nagusiarekin amaituz. Jarraian dauzkazue emaitzen taula eta partiden inguruko laburpentxoak:

EMAKUMEEN PALETA ARGENTINARREKO KUTXA SARIA 2010

2010eko Ekainak 27 FINALA,  RAMUNTXO BERRI (Irun) 11:30

3-4. postuak

Itsaso URKIZU

Severine GRACIET

30

26

Susana MUNETA

Ainhoa MONTES

FINALA

Patri ESPINAR

Maite R. de LARRAMENDI

15

30

Amaia ETCHELECU

Magalie COMET

3.-4.postuak: Urkizu-Graciet, 30 - Muneta-Montes, 26

Podiumeko koxkarik baxuena nork eskuratu erabaki zen neurketa nahiko orekatu eta polita izan zen. Bikote gorriak, markagailuan partidaren hasiera samarretik aurrea hartu bazuen ere, ez zuen amaierara arte zulo erabakigarririk ireki (29-23) eta horrek tentsio eta emozio puntu bat gaineratu zizkion norgehiagokari. Gogoan zuten askok, gainera, finalerdietan emaitza berarekin irabazten joan ostean ez zutela 30. tantoa eskuratzerik izan eta mamu horiek ere agertu zitzaizkion bakarren bati. Amaieran, ordea, 3. postuan amaitu dute lehiaketa Urkizu eta Gracietek, Muneta eta Montes baino koxkatxo bat gorago.

Itsaso Urkizuren jokoak desorekatu zuen batez ere balantza, benetan tanto dotore eta txalotuenak berak egin baitzituen.

Finala: Espinar-R. de Larramendi, 15 - Etchelecu-Comet, 30

Espero eta aurreikusi baino dezente itsusiagoa suertatu zen finala, batez ere, bikote gorriak ez zuelako txapelketa osoan zehar emandako mailara hurbiltzerik lortu. Partidaren lehen laurdenetik aurrera kolore bakarra izan zen kantxan: urdina. Izan ere, Amaia Etchelecu eta Magalie Cometek erakutsitako segurtasun eta konfiantzak aukerarik gabe utzi zituen Patri Espinar eta Maite Ruiz de Larramendi, markagailuan zulo oso handiak izan baitziren (15-5, 28-10,...). Amaieran, beraz, txapelketa osoan partida bakar bat ere galdu gabe etxeratu zituzten txapelak lapurtarrek.

Aipamen berezia merezi du Magalie Cometek orain arte sari honetan jokaturiko hiru edizioetan eskuraturiko lorpenak, hirutik hirutan izan baita garaile.

Sari banaketa ekitaldia amaitu eta familia argazkia atera ostean elkarrekin bazkaldu zuten pilotariek, euren gertukoenek eta antolatzaileek, lagun giroan. Hortik aurrerakoak ez ditugu hemen kontatuko...

Honenbestez, amaitu dira aurtengo denboraldiko txapelketa ofizialak. Pilotariren batzuk 2010eko urriaren 1etik 10era bitartean Pauen (Frantzia) jokatuko den Munduko Txapelketari begira hasi dira dagoeneko eta, beste gehienak, berriz, opor usainean dabiltza. Udan zehar trinketean ibiliko zaretenoi animo eta gehiegi ez entrenatu! Besteoi, ondo pasa oporraldia! 


Utzi iruzkina: