Emakumeen paleta argentinarreko Kutxa Sari Nagusia 2011. Finalerdiak
Igandean, ekainaren 19an, erabakiko da Irungo Ramuntxo Berrin zein bi bikotek izango duten finala jokatzeko aukera. Goizeko 11:30ean hasita bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira.
2011ko Ekainak 19, 11:30. Finalerdiak |
||
1 |
Amaia ETCHELECU Nagore AROZENA |
Haizea ZAMORA Magalie COMET |
2 |
Stephanie LEIZA Maite R. LARRAMENDI |
Maider MENDIZABAL Maika ELGUEZABAL |
Ez dago faborito argirik igandeko norgehiagoketarako, partidak hutsetik hasi eta aurretik lorturiko emaitzek ez baitute balioko aurrera egiteko. Hil ala bizi jokatu beharko dute, galtzaileak 3-4. postuko norgehiagokara eta garaileak finalera igaroko baitira. Hala ere, bi bikote gorriek ez dute partidarik galdu eta ziur bolada on horri eutsi nahiko diotela igandean ere.
1. partida
ETCHELECU-AROZENA / ZAMORA-COMET
Ligaxkako bi neurketak irabazita kantxaratuko da bikote gorria eta garaipen batekin urdina. Elkar oso ongi ezagutzen dute denek eta hori baliatzen saiatuko dira jaialdia irekiko duen partidako protagonistak, hutsuneak aprobetxatu, aurkariei gauzak zail jarri eta euren jokoari zukua atera asmoz. Beraz, lau pilotariak borrokarako gogoz eta duten onena ematera kantxaratuko dira, sari handia baita finalerako txartela poltsikoratzea.
2. partida
LEIZA-RUIZ DE LARRAMENDI / MENDIZABAL-ELGUEZABAL
Jaialdia itxiko duen partidan ere ikuskizuna eta lehia bizia espero dira. Kasu honetan ligaxkan porrot bat jasota kantxaratuko dira urdinak eta garaipenak soilik eskuratuta gorriak. Laurek partida asko jokatu dituzte elkarren kontra, tartean munduko txapelketaren bateko finalak ere bai (Leiza-Elguezabal eta Mendizabal-Ruiz de Larramendirekin). Beraz, gehien asmatu eta estrategia nahi bezala gauzatzen duen bikoak aurrera egiteko aukera handiagoa izan dezake.
Beraz, emozioa eta tentsioa ziur izango dira igandean, bertan erabakiko baita nork jokatuko duen finala eta nork aurreko norgehiagoka, 3.-4. postuak zehaztekoa, hain justu ere.
Denok zaudete bertaratzera gonbidatuta. Igandera arte!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: