Emakumeen paleta argentinarreko Kutxa Sari Nagusia 2011. Finala larunbatean

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2011-06-22 18:53

Larunbat goizean, ekainaren 25an, erabakiko da Irungo Ramuntxo Berrin zein izango den goi-mailako txapelketa honetako irabazlea. Goizeko 11:30ean hasita bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira. Lehena 3-4.postuak erabakitzekoa eta ondoren helduko da final nagusiaren txanda. Partidak honela geratu dira:

2011ko Ekainak 25,  11:30. 3-4.postua eta Finala

3-4.postua

Maider MENDIZABAL

Maika ELGUEZABAL

Haizea ZAMORA

Magalie COMET

FINALA

Amaia ETCHELECU

Nagore AROZENA

 Stephanie LEIZA

Maite R. LARRAMENDI

1. partida: 3-4. postuak

MENDIZABAL-ELGUEZABAL / ZAMORA-COMET

Finalerdietan galdu eta finalaren ateetan geratuta kantxaratuko dira bi bikoteak, ziurrenik arantza hori ateratzeko asmoz. Ikuskizuna eta lehia parekatua izatea aurreikusten da, nahiz eta balitekeen urduritasuna eta irabazi nahia ondoen kudeatzen dituenak abantailatxoa izatea. Elkarrekin gehiagotan osatu dute bikotea gorriek, ezker hormako Kutxa Sarian ere jokatu izan dute batera, eta horrek agian pixka bat faboritoago bihur ditzake, elkarrekin kantxan gehiagotan aritu direlako. Hala ere, ez dago jakiterik horrek zenbaterainoko eragina izan dezakeen. Beraz, joko ona eta partida bizia irtetea espero da.

2. partida: finala

ETCHELECU-AROZENA / LEIZA-RUIZ DE LARRAMENDI

Final nagusian ere ez dago faboritorik izendatzerik. Ligaxkan eta finalerdietan porrotik jaso gabe daude bi bikoteak, hasiera-hasieratik euren hautagaitza plazaratu eta bikain eutsi diote jardunaldiz jardunaldi.  Gainera, laurek partida asko jokatu dituzte elkarren kontra, oso ongi ezagutzen dute elkar, eta ez da erraza izango aurkariak ezustean harrapatzea. Kasu honetan ere urduritasunari patxadarekin erantzutea eta amaierara arte tentsioari eustea garrantzitsuak izan litezke balantza nora desorekatu erabakitzeko orduan. Beraz, gehien asmatu eta estrategia nahi bezala gauzatzen duen bikoak txapelera hurreratzeko aukera handiagoa izan dezake.

Beraz, emozioa eta irabazi nahia puri-purian izango dira larunbatean, bertan erabakiko baita nork etxeratuko duen sari potoloa. 

Denok zaudete bertaratzera gonbidatuta.


Utzi iruzkina: