Emakumeen paleta argentinarreko Kutxa Sari Nagusia 2011. 3.jardunaldia
Igandean, ekainaren 12an, jokatuko da Irungo Ramuntxo Berrin ligaxkako 3. eta azken jardunaldia. Goizeko 11:30ean hasita bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira.
Ez dago faborito argirik igandeko norgehiagoketarako eta bikoteen arteko parekotasunaren isla da hori oraindik ere sei bikoeek baitituzte finalerdietarako txartelak poltsikoratzeko aukerak. Gori-gori dago txapelketa, beraz. Izan ere, garaipen banarekin berdinduta lau bikote daude: A multzoan Leiza-Ruiz de Larramendi eta Zamora-Comet eta B multzoan Mendizabal-Elguezabal eta Etchelecu-Arozena. Garaipenik ez duten bi bikoek, Muneta-Graciet (A multzoan) eta Aburuza-Houssetek (B multzoan) oraindik ere bigarren partida irabaz dezakete. Gogoan izan multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek egingo dutela aurrera. Hona hemen karteldegia eta kronikatxoak:
2011ko Ekainak 12, 11:30. Ligaxkako 3.jard. |
||
1 |
Susana MUNETA Severine GRACIET |
Stephanie LEIZA Maite R. LARRAMENDI |
2 |
Amaia ETCHELECU Nagore AROZENA |
Maitane ABURUZA Maritxu HOUSSET |
1. partida
MUNETA-GRACIET / LEIZA-RUIZ DE LARRAMENDI
Ligaxkako bigarren eta azken norgehiagoka izango da bi bikoteentzat eta egoera ezberdinean helduko dira. Leiza-Ruiz de Larramendik garaipena eskuratu zuten lehen partidan, beraz, ez dute derrigorrez irabazi beharrik. Hala ere, ligaxkako 2. eta azken norgehiagoka izaki, garaipenak multzoburutza ziurtatuko lieke eta galduz gero tanto aldeak erabakiko luke multzoko berdinketa hirukoitza nola ebatzi. Gorriek, aldiz, bai ala bai irabazi behar dute txapelketan aurrera egiteko aukerak mantendu nahi badituzte. Beraz, lau pilotariak borrokarako gogoz eta duten onena ematera kantxaratuko dira, elkar ondo baino hobeto ezagutzen dutela jakitun.
Zamora-Cometek atsedena izango dute. Hauek ere adi-adi jarraituko dute partida hau, bertan erabakiko baita finalerdietan nor izango den eta nor ez.
2. partida
ETCHELECU-AROZENA / ABURUZA-HOUSSET
Jaialdia itxiko duen partidan ere ligaxkako azken norgehiagoka dute denek. Kasu honetan porrot batekin kantxaratuko dira urdinak, Aburuza-Housset bikoa, bigarren partida derrigor irabazi beharrean lehian segi nahi badute. Gorriei ere komeni zaie garaipena eskuratzea, multzoburutza ziurtatu eta txapelketan konfiantza areagotzeko. Hauek ere izerditzeko asmoz eta lehiarako grina biziz lehiatuko dira eta ikusi egin beharko da zein den azken emaitza.
Mendizabal-Elguezabalek jai izango dute.
Beraz, emozioa eta tentsioa ziur izango direla igandean, bertan erabakiko baita finalerdietara zein lau bikote igaroko diren eta nortzuk hartu beharko duten etxerako bidea. Finalerdiak ekainaren 19an jokatuko dira eta finala 26an.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: