Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012. Finalerdiak Urretxun

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2012-02-23 15:45

Igandean, otsailaren 26an, Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatuko dira aurten bosgarren edizioa bete duen Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiko finalerdiak, goizeko 11etan hasita. Bertan ligaxkan euren multzoetan lehen bi postuetan sailkaturiko pilotariek jardungo dute. A multzoko lehenak Bko bigarren sailkatuen aurka eta alderantziz. Hona hemen partidak:

2012ko otsailak 26, 11:00. Ederrena, Urretxu
Finalerdiak

KUTXA SARI NAGUSIA

1

MENDIZABAL-ARRIETA

 

 

MUNETA-BORDAGARAY

2

ETCHELECU-CONTIN

 

 

HOUSSET-SERRE



1. partida

MENDIZABAL-ARRIETA / MUNETA-BORDAGARAY

Partida orekatu eta berdindua izatea espero da. Bikote gorria bi garaipen “eroso” lortuta sailkatu da fase honetara. Urdinek, berriz, aurreko jardunaldiko azken partidako emaitzaren eta aldeko tanto kopuruaren zain egon behar izan zuten aurrerako txartela lortzeko. Hala ere, galdutako partida tanto bakarreko aldeaz galdu zuten.

Orain arteko partidetan Mendizabalek ederki lagundu du Arrieta, berak desorekatu ditu norgehiagokak, eta bere jokoak asko eragin dezake azken emaitzan. Bikote urdinak, berriz, ondo hartzen du elkar. Horrez gain, bi aurrelariek urte asko daramatzate elkarren aurka jokatuz eta ederki asko ezagutzen dituzte bata bestearen ahulune eta indar-guneak. Atzelariek partidari eutsi eta elkarren artean nagusi nor den ikustea ere izan daiteke erabakigarria. Beraz, ikusmina eta lehia bizi-bizia espero dira jaialdia irekiko duen partidan.

2. partida

ETCHELECU-CONTIN / HOUSSET-SERRE 

Bigarren finalerdian Iparraldeko pilotarien partaidetza da aipagarria. Contin nafar gaztea (17 urte ditu) izan ezik besteak bertakoak dira. Txapelketa honen lehen ediziotik urtez urte ari dira euren lekua egin eta maila ederra ematen ezker horman ere, han trinketean aritzen badira ere.

Partida honetan ere ez da erraza bikote baten aldeko hautua egitea. Gorriek ordu eta erdiko lehia jokatu zuten Zumarragan, erritmo oso bizi eta gogorrean, eta horri esker egin dute finalerdietarako urratsa. Urdinek, aldiz, uste baino errazago eskuratu zuten Urretxun jokatzeko txartela, euren partida eragozpen handirik gabe irabazita (30-19).

Bi aurrelariak kolpe bizikoak dira, fisikoki ongi prestatuak, eta elkar oso ongi ezagutzen dute, trinketean bikotea osatuz azkena orain bizpahiru aste trinketeko Pariseko Opena irabazi dute, besteak beste. Ez da erraza izango aurreko koadroetan zuloak sartu eta aprobetxatzea, beraz. Atzelariek, berriz, ezaugarri ezberdinagoak dituzte. Continek, bere gaztetasuna gaztetasun, eta Etchelecuren laguntzari esker, oso itxura polita eman du bere lehen parte-hartzean, tantoei eutsiz eta oso pilota gutxi galduz. Serre, aldiz, kolpe bortitzagokoa da, indartsuagoa. Hortaz, faborito argirik gabeko neurketa izango da bigarren finalerdi hau ere.

Garaipena eskuratzen duten bi bikoteek martxoaren 4ko Beotibarreko finalean izateko modua egingo dute. Galtzaileak, berriz, ateetan geratuko dira. Gogoratu Beotibarren Promozio Sariko finala jokatuko dela lehenengo, Andueza-Ugalde eta Garmendia-Semper bikoteen artean, eta ondoren Kutxa Sariko Nagusikoa. Jaialdi hau ere 11etan hastea aurreikusten da.

Nesken goi-mailako pilotaz bertatik bertarako parada ederra izango dute bertaratzen direnek. Ez dira alferrik Munduko Kopa zein Munduko Txapelketetako garaile izanak Mendizabal, Etchelecu, Housset, Muneta eta Serre.


Utzi iruzkina: