Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012. 2.jard.-Kronika

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2012-02-13 08:46

Atzo jokatu zen Zarauzko Aritzbatalden Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012 txapelketako 2.jardunaldia. Hona hemen emaitzen taula eta kronikatxoa:

 

PROMOZIO SARIA

 

1

Andueza-Ugalde

30

21

Garmendia-Semper

 

KUTXA SARI NAGUSIA

 

2

Muneta-Bordagaray

29

30

Irazustabarrena-Arozena

 

3

Aristorena-Ruiz De Larramendi

20

30 

Mendizabal-Arrieta


1. partida

Promozio Sariari ligaxkako euren aurreneko partida irabaziz ekin dio bikote gorriak. Urdinak, aldiz, porrot batekin esan dio agur. Azken hauek Isasmendi-Mendizabal bikotea garaitu zuten 1.jardunaldian, baina, orain beste bi bikoteen arteko azken neurketaren zain egon beharko dute aurrera egingo ote duten jakiteko.

Ordubete pasa iraun zuen partida batean berdinketak izan ziren nagusi 12. tantora arte. Hortik aurrera, ordea, Andueza eta Ugaldek aurrea hartu eta aldea ateraz lortu zuten garaipena poltsikoratzea: 15/12-18/15-22/17-29/17-29/19-29/21 eta 30/21. Lau pilotariek utzi zuten euren mailaren zertzeladaren bat, partida lehiatu eta polita osatuz.

Promozio Sariko lehen bi bikoteak izango dira zuzenean finalerako bidea egingo dutenak. Beraz, datorren igandeko Isasmendi-Mendizabal / Andueza-Ugalde lehia erabakigarria izango da. Lehenengoek ezinbestekoa dute garaipena aurrera egiteko aukerak izan nahi badituzte. Bigarrenek, aldiz, multzo buru bukatuko lukete 30era heltzea lortuz gero.

2. partida

Jaialdiko bigarren neurketan Irazustabarrena gazteak egin zuen debuta tankera honetako txapelketa batean eta bere ausardiaren berri hasiera-hasieratik eman zuen. Izan ere, tantoa amaitzeko joera erakutsiz, Arozena atzelariak eginiko lan bikainak lagunduta, 10-2 aurreratu ziren partida hasi orduko. Muneta eta Bordagaray ez dira edonor, ordea, eta lana egitearen poderioz markagailuan hurbildu eta berdintzea lortu zuten: 5/14-10/18-13/19-18/19 eta 20nako berdinketa. Hortik aurrera oreka izan zen nagusi, lau berdinketa tarteko, azkena 29nakoa. Azken tantoan erabaki zen norgehiagoka eta aurreko astean pasa zenaren aurkakoa pasata Muneta eta Bordagaray tanto baten faltan geratu ziren.  Ordu eta laurden irauan zuen partida gogor bezain erakargarria izan zen lau protagonistek osaturikoa.

Datorren astean ezagutuko ditugu multzo honetako bi bikoteen izenak ere, Etchelecu-Contin eta Irazustabarrena-Arozena neurketan gertatzen denaren zain egon beharko dugu, hortaz. Lehenek tanto bakarragatik galdu zuten 1.jardunaldian, Villabonan, eta bigarrenek bakarragatik irabazi atzo. Beraz, giroa gori-gori eta ikusmina pil-pilean.

3. partida

Jaialdia ixteko partidan lorturiko garaipenari esker finalerdietan dira dagoeneko Maider Mendizabal eta Ariane Arrieta. Aurreko partidan garaipena eskuratu zuten eta atzokoak multzo burutza eta aurrerako txartela ziurtatu dizkie jardunaldi baten faltan.

Hiru ordu laurden iraun zuen norgehiagokan oreka izan zen nagusi partidaren erdi parera arte. Hasieran, aldea lortu zuten urdinek (2-10), baina, gorriek erreakzionatu eta 13na berdindu zuten. Aurrea ere hartu zuten, 16-14, baina, une horretatik aurrera urdinek nagusitasuna erakutsiz lortu zuten balantza euren aldera makurtzea: 16/22-18/23-18/28-20/29 eta 20/30. Erabakigarria izan zen beste behin ere Mendizabalen jokoa, 6 errebote jo eta tanto dotore askoak lortuz, besteak beste, atzelariari bikain laguntzeaz gain. Yanira Aristorenaren estreinaldia ez zen nahi bezain ikusgarria izan eta Ruiz de Larramendik ohiko joa azaldu zuen. Arrietak ondo erantzun zuen, ez baita erraza nafarraren pilotakadei eustea.

Azken norgehiagokan jakingo dugu zein bikotek lagunduko dien Mendizabal eta Arrietari finalerdietarako. Aurrez aurre izango dira Housset-Serre eta gaurko galtzaileak. Berau irabazten duenak egingo du aurrera eta galtzaileek etxerako bidea hartuz konformatu beharko dute.

Astebete eskas barru, inauteri igandez, ezagutuko ditugu finalerdietako ligaxkara sailkatu diren lau bikoteen izenak Kutxa Sari Nagusian. Baita Promozio Sariko finala zein bi bikotek jokatuko duten ere. 3. jardunaldiko partidak otsailaren 19an jokatuko dira, ordu berean hasita. Informazio zehatzagoa helaraziko dizuegu asteak aurrera egin ahala.


Utzi iruzkina: