Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012. 2.jard.

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2012-02-09 22:02

Urtarrilaren 29an jarri zen abian Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012. Astebeteko etenaldiaren ostean asteburu honetan, igandean, hilak 12, berrekingo zaio txapelketari. Jarraian duzue Zarauzko Aritzbatalden jokatuko diren partiden berri.

 

PROMOZIO SARIA

 

1

Andueza-Ugalde

 

 

Garmendia-Senper

 

KUTXA SARI NAGUSIA

 

2

Muneta-Bordagaray

 

 

Irazustabarrena-Arozena

 

3

Aristorena-Ruiz De Larramendi

 

 

Mendizabal-Arriet

Jaialdia goizeko 10.30ean hasiko da eta hiru partidaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Lehena gazteen mailan aurten antolatu den txapelketa berrikoa da eta bi eta hirugarrenak goi-mailakoenak izango dira.

1. partida

ANDUEZA-UGALDE / GARMENDIA-SEMPER

Promozio Sarian ligaxkako aurreneko partida izango da bikote gorriarentzat eta bigarrena eta azkena urdinentzat. Azken hauek garaipen batekin eman diote hasiera txapelketari eta igandean irabazteak multzo buru izatea eta finalerako txartela poltsikoan izatea baimenduko lieke. Bikote gorriak ere garaipenaren bila irteteko asmoa izango du, ordea, lehen bi postuetan sailkatuz gero Beotibarreko final preziatuan jokatzeko modua izango bailukete. Beraz, lehia parekatu eta gogorra espero da. Bi atzelariak hernaniarrak dira, eskola berekoak, elkar ondo ezagutzen dutenak. Garmendia ere gipuzkoarra da, alegiarra, eta Andueza, berriz, nafarra. Aurrelarien erabakitzeko ahalmenak desoreka lezake balantza, agian.

2. partida

MUNETA-BORDAGARAY / IRAZUSTABARRENA-AROZENA

Jaialdiko bigarren neurketan Irazustabarrena gazteak egingo du debuta goi-mailako tankera honetako txapelketa batean. Aurrean, berriz, esperientzia handiko eta palmares dotoreko bikotea izango du, Muneta beterano nafarrak eta Bordagaray behe nafartarrak osatua. Hauek ligaxkako euren azken partida izango dute eta garaipenaren bideari jarraitzeko asmoz kantxaratuko dira, lehen jardunaldian partida gogor eta emozioz beterikoan garaipena lortu ostean, tanto bakar batez, 30-29, Villabonan. Elkar ongi ezagutzen dute eta hori izan dezakete alde.

Bikote urdinak lehendabiziko partida izango du eta Nagore Arozena atzelaria lanerako prest kantxaratzea espero da, ohi bezala, partidari eusten saiatu eta bere kideari ahalik eta gehien lagundu asmoz. Ez da alferrik Munduko txapelduna. Beraz, ezin da pronostiko argirik eman partida honen inguruan ere, maila parekatua espero baita. Ea urduritasunak ez duen protagonismo handiegirik hartzen.

3. partida

ARISTORENA-RUIZ de LARRAMENDI / MENDIZABAL-ARRIETA

Jaialdia ixteko partidan ere esperientzia eta gaztetasuna izango dira aurrez aurre, neurri batean, bederen. Izan ere, Ruiz de Larramendi eta Mendizabal ia hogei urtez goi mailan ari diren pilotariak dira, nazioarte mailan lor litezkeen garaipenik handienak etxeratutakoak. Guztiz ezberdina da Aristorena eta Arrietaren kasua, ordea, Kutxa Sari Nagusian estreinakoz ari direlako parte hartzen. Hortaz, elkar ondo hartzeak eta ulertzeak garrantzia izan dezake partida honetan ere. Bikote gorriak edizio honetako lehen partida izango du eta urdinak bigarrena. Azken hauek garaipena eskuratuta datoz eta hala jarraitu nahiko lukete. Beraz, ikusi egin beharko da nola erantzuten duten lau pilotariek.

Goi mailako era honetako partidak etxe ondoan izatea ez da erraza izaten. Hortaz, nahi duen oro ongi etorria izango da. Igandera arte!


Utzi iruzkina: