Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012. 1.jard.-Kronika
Atzo bertan, urtarrilaren 29an, jarri zen abian Villabonan Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria 2012. Goizeko 10:30ean hasitako jaialdia hiru norgehiagokek osatu zuten. Jarraian dituzue emaitzen taula eta iruzkina.
1.bikotea |
Tantoak |
Tantoak |
2.bikotea |
Garmendia-Semper | 30 |
24 |
Isasmendi-Mendizabal |
Mendizabal-Arrieta | 30 |
23 |
Housset-Serre |
Etchelecu-Contin | 29 |
30 |
Muneta-Bordagaray |
Hasiera parekatu, lehiatu eta gogorra eman diote neska pilotariek txapelketa honen 5.edizioari. Aurten, gainera, gazteei ere aukera eman zaie goi-mailako txapelketa honetan parte hartzeko eta erantzun ona eman dute hasiera honetan, bederen.
1.partida
Promozio Sariko aurreneko norgehiagoka luzea, ia ordubeteko iraupena izan zuen, eta parekatu xamarra izan zen azken txanpara arte. Bikote urdina, Isasmendi-Mendizabal, izan zen markagailuan nagusi partida erdira arte (10-15), baina, gorriek, tantoak lortu eta 16na berdintzea lortu zuten, lanean jarraitzeari esker. Oso orekatua izan zen 21na arteko zatia ere, baina, hortik aurrera gorriek nagusitzea lortu zuten eta atzelari urdina nekarazita, besteak beste, horma biko eder batekin eman zioten amaiera euren partidari: 30 eta 24.
Honenbestez, partida banaren faltan urrats txiki bat eman dute Garmendia eta Semperrek aurrera begira. Urdinek ere hurrengo partida irabaziz gero aukerak izaten jarraituko dute, hau hasi baino ez baita egin.
2.partida
Kutxa Sari Nagusiko lehen norgehiagokan hiru esperientzia handiko pilotari eta etorkizunean zeresana eman dezakeen gazte bat izan ziren parte hartzen. Izan ere, Arrietak 16 urte egingo ditu aurten. Hortaz, ikusmina bazegoen haren maila ikusteko, nahiz eta aurrean pilotari beterano bezain abil baten babesarekin aritzeak lasaitasun puntu bat eman dezakeen, ez baita edonor Maider Mendizabal anoetarra.
Hiru ordun laurden inguruko partida polita jokatu zuten lau pilotariek eta Maider Mendizabal nabarmendu zen guztien gainetik. Izan ere, 17 tanto eskuratu zituen, bere mailaren eta ahalaren arrastoa utzita. Ariane Arrietak ere eutsi zien aurkarien pilotakada indartsu eta bortitzei eta itxura ona eman zuen. Bikote urdinak, berriz, atzean jokatu zuen nagusiki, Housseten kolpe bizia eta Serren indarraz baliatuta aurrelari gorria buruz gain pasa nahian. 22nako berdinketara arte lehia orekatua izan zen hau ere, baina, azken txanpan gorriek zuloa ireki eta horma biko dotore baten bidez amaitu zen partida: 30-23.
3.partida
Jaialdia ixteko azken partida izan zen gogorrena, nabarmen. Ordu eta hogei minutuko iraupena izan zuen eta tantoak luze, neketsu bezain landuak izan ziren. Gainera, azken tantoan erabaki zen zein bikotek eskuratuko zuen ligaxkako lehen puntua, emozioa puri-purian jarriz. Kasu honetan ere Contin nafar gazteak emango zuen mailak sortu zuen zeresana, mota honetako txapelketa batean bere lehen parte hartzea baitu. Honek maila oso ona eman zuen eta Amaia Etchelecu aurrelari lapurtarrarekin batera bikote ona osatzen dutela erakutsi, azken honek pilota zailak jasotzeaz gain asko lagundu baitzion kideari. Muneta ere esperientzia handikoa da eta atzera pilotakada ederrak bidali zituen (tartean hiru errebote), aurrelari gorria ekidin asmoz. Bordagarayk eta biek elkar oso ongi ulertu zuten eta azken txanpara aldetxoarekin heldu ziren: 25-29. Azken berdinketa 20nakoa izan zen ordura arte. Hala ere, bikote gorriak ez zuen etsi eta 29-29 jartzea lortu zuten. Amaieran, ordea, urdinek etxeratu zuten puntua: 30-29.
Ongi hastea garrantzitsua bada ere, batez ere ligaxkan bikote bakoitzak bina partida baino ez dituela aintzat izanik, oraindik ere asko falta da eta denek dute aurrera egiteko aukera. Hori bai, batzuk besteek baino beharrezkoago izango dute garaipena aukerak mantendu nahi izanez gero.
2. jardunaldiko partidak otsailaren 12an jokatuko dira, ordu berean hasita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: