Emakumeak pilotari Getariko Sahatsaga pilotalekuan

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-04-21 11:49

Joan zen larunbatean, apirilaren 18an, ospatu zen Getariko Sahatsaga pilotalekuan, Emakumea Pilotari proiektuaren baitan, partaidetzako emakumeen bigarren topaketa. Bertan, Gipuzkoan zehar antolatutako partaidetzako paleta ikastaroetan parte hartzen ari diren 30 bat emakume elkartu ziren, lurraldeko txoko oso ezberdinetatik bertaratuak: Azkoitia, Getaria, Zarautz, Tolosa eta Donostia.

 

Arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 20:00etara jardun ziren emakumeak pilotalekuan hara eta hona, bi orduko bi txandatan banatuta. Lehen txandan zortzi bikotek hartu zuten parte eta, bigarrenean, aldiz, zazpik. Pilotalekua lau eremutan banatu zuten, pilotari guztiak aldi berean jokatzen aritzeko modua eginez. Bikotekako partidak jokatu zituzten batez ere, 10 minutuko denbora mugakoak, nahiz eta tenis-pilotan ere aritu ziren.

 

 

Txanda bakoitzaren amaieran zenbait sariren zozketa ere izan zen. Amaieran, bai antolatzaile eta baita parte hartzaileak ere gustura gelditu ziren esperientzia berri honekin, eta litekeena da hurrengo ikasturteetan ere jarraipena ematea.

 

 

Ikasturteari agur esan aurretik, ordea, hitzordu nagusi bat falta da: Emakumea Pilotari eguna. Bertan ikastaroetako emakumeek berriz ere elkarrekin egoteko aukera izango dute, egunpasa eder bat egitearekin batera. Denetarik izango da: ariketak, paleta partidak, bazkaria, dantza,... Ondo gogoan hartu data hau: ekainaren 6a.


Utzi iruzkina: