Elguezabal-Arozenarentzat Emakumezkoen II. DV saria

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2009-03-06 11:11

Martxoaren 1ean amaitu zen ezker hormako Emakumezkoen II. El Diario Vasco Saria. Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu ziren 3 eta 4. posturako norgehiagoka eta final handia.

Goizeko 11:30ean hasi zen jaialdia, podiumeko azken posturako partidarekin. Hau amaitu ondoren jokatu zen final nagusia. Hemen dituzue emaitzak eta kronikatxo bana:

1. bikotea 2. bikotea
3-4. postua Pierola-Montes 18 30 Fernandez-Ruiz de Larramendi
Finala Elguezabal-Arozena 30 26 Muneta-Bordagaray

Pierola-Montes, 18 - Fernandez-Ruiz de Larramendi, 30

Azken orduko aldaketa bat izan zen, Itsaso Urkizuk ez baitzuen jokatzerik izan. Bere ordez Estitxu Pierola aritu zen.

Partida entretenigarri eta tanto polit bat baino gehiagokoa jokatu zuten lau pilotariek. Hasiera xamarretik hartu zuten hiruzpalau tantoko aldea markagailuan Uxue eta Maitek, Estitxu Pierolari urduritasunak eragin izana probestuz. Atzean nagusi izan zen Eulatekoa, oso partida ona jokatuz, eta aurrelaria saiatu zen horrek ematen duen lasaitasunaz baliatzen. Neurri batean lortu zuela esan liteke. Gorriek ere egin zituzten tanto politak. Aipagarriak dira, benetan, Estitxu Pierolak lasaitu zenean atzera jotako pilotakadak, bitan Maite Ruiz de Larramendiri pilota buruz gain pasaz. Ainhoa Montesek ere ezker paretan moztuz egin zituen tanto politak. Amaieran, ordea, esan liteke markagailuan islatu zela bi bikoteen artean zegoen desoreka.

Elguezabal-Arozena, 30 - Muneta-Bordagaray, 26

Ikusmin handia piztu zuen finalak, txapelketan ondoen aritu diren bi bikoteak merezimendu osoz sailkatu ondoren. Eguerdiko 12:45 inguruan hasi zen eta ordurako Beotibarren 450 lagun zeuden lehen sakea noiz egingo zain.

Oso partida orekatu, lehiatu eta gogorra jokatu zuten lau pilotariek, aurreikus zitekeen bezala. Ordu eta laurden eskas eman zuten jo eta jo, jende artera ere kantxa barruko tentsioa kutsatuz.

Partidaren erdialdera arte pare-parean joan ziren markagailuan, baina hortik aurrera txapelketan ohi baino huts gehiago egin zituen Bordagarayk eta 28-19 jarri ziren aurretik gorriak, euren pazientziari eta tantorik ez erregalatzeari esker. Orduan, ordea, hil ala bizi hasi zen Susana Muneta aurrean tantoak bukatu asmotan eta benetan bikain amaitu zituen lauzpabost tanto, 29-26 gerturatzeraino. Azkenean, ordea, gorriek lortu zuten 30.a. Amaieran, beraz, paliza ederra hartu ostean, Kanbo eta Lizartzara joan ziren 2. edizio honetako txapelak.

Sari banaketa ekitaldiarekin amaitu zen jaialdia eta, ondoren, mokadutxoa egitera joan ziren ia parte hartzaile guztiak, euren gertukoenekin batera.  

Komunikabideetan nahi baino askoz ere presentzia txikiagoa izan duen arren, benetan amaiera arrakastatsua izan zuen txapelketak, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula Beotibar bete izana. Hori bai, ez da ahaztu behar jokamolde honetan mundu mailan punta-puntan dabiltzan jokalariak ez direla egunero ikusten ere. Amaieran, parte hartzaile, antolatzaile eta bertaratutako ikusleak oso gustura ziren.

Mila esker guztioi eta hurrengo batera arte!!

 


Utzi iruzkina: