4. jardunaldiko emaitzak

emakumeapilotari 1456132164303 Emakumea Pilotari | 2007-11-12 11:35

Joan den larunbatean, azaroak 10, jokatu zen Urretxuko Ederrena pilotalekuan Emakumea Pilotari txapelketako 4. jardunaldia. Jardunaldi benetan gorabeheratsua gertatu zen. Izan ere, ez zen aurreko jardunaldietan adinako parekotasunik eta lehia esturik ikusi ahal izan orokorrean. Hala ere, partidu gogor eta luzeren bat ere izan zen tartean. Jaialdiak guztira izandako iraupena 5 ordu ingurukoa izan zen.

Urretxuko jardunaldiari bigarren mailako hiru neurketekin eman zitzaion hasiera eta ez ziren espero zen bezain lehiatuak izan neurketak. 2 ordu baino gutxiagoan amaitu ziren hiru neurketak. Lehen partiduan Zabala-Zabala bikoteak lortu zuen neurketa poltsikoratzea, Jauregi-Goenaga bikoteak partidu erdira arte gauzak zail samar jarri zizkien arren, hortik aurrera nagusitasunez aritu baitziren. Arratsaldeko 2. partiduan ere biko garaileko pilotariek (Tijero-Lujanbio) aisa hartu zituzten mendean Urbistondo eta Urkizu. Hirugarren partiduak ere ez zuen kolorerik izan, txapelketan partidu guztiak irabazita den bikote bakarrak (Bañales-Gurrutxaga) lehenengo zergatik doazen ederki asko erakutsi baitzuten.

Lehen mailako neurketetan lehenak zirrara eta urduritasuna eragin zion bati baino gehiagori. Izan ere, azken txanpara arte atzetik aritu baitzen Fernandez-Arozena bikoa (18-14 eta 23-26 galtzen). Azken 7 tantoak jarraian egiteari esker, aurkarien hutsak gehienak, eskuratu zuten garaipena.  Partidu honek sailkapenaren buruan aldaketa eragin du, lehen postuan kokatu baitira garaileak, bigarren postura jaitsi diren Manzisidor-Argainekin berdinduta. Arratsaldeko 5. partidan oraindik ere partidurik irabazi gabe zegoen Evaristti-Errasti bikoteak bere lehen garaipena eskuratu zuen Pierola-Etxegiaren aurka. Evaristti argentinarraren mailak desorekatu zuen erdialdera arte orekatuta joandako partida. Seigarren eta azken partiduan Etxegia-Mendizabal bikoteak finalerdietara sailkatzeko aukerak izaten jarraitzeko behar-beharrezkoa zuen garaipena eskuratu zuen. Maider Mendizabal anoetarraren mailak ikusle bat baino gehiagoren harridura eragin zuen.

Hona hemen larunbateko norgehiagoken emaitzak:

 1. taldea   Emaitza  2.taldea
Jauregi-Goenaga 22-30 M.Zabala-N.Zabala
Urbistondo-Urkizu 16-30 Tijero-Lujanbio
Bañales-Gurrutxaga 30-9 Urkizu-Urbieta
Fernandez-Arozena 30-26 Manzisidor-Argain
Evaristti-Errasti 30-22 Pierola-Etxegia
Urkizu-Unanue 19-30 Etxegia-Mendizabal

Orain arte jokatu diren 4 jardunaldien ostean oso estu daude, azken jardunaldiaren faltan, sailkapenak. Hala ere, oker handirik ezean, ia finalerdietara igaroko diren 4 bikote ezagutzen dira:

  1. maila: Fernandez-Arozena eta Manzisidor-Argain
  2. maila: Bañales-Gurrutxaga eta M.Zabala-N.Zabala

Hurrengo jardunaldia Ataungo Auzoeta pilotalekuan jokatuko da azaroaren 17an, arratsaldeko 15:30etatik aurrera. Bertan jakingo da zein bikotek jokatuko dituzten azkenean finalerdiak.

 


Utzi iruzkina: