Rio+20- Ekonomia berdeak... berdetik izena baino ez

(Unai Brea, Argia 2325. alea 2012-05-29)

Ekainaren 20tik 22ra egingo da, Brasilgo Rio de Janeiron, Garapen Jasangarriari Buruzko Nazio Batuen Biltzarra, Rio+20 izenaz ezagunagoa, 1992an hiri berean egin zen Lurraren Gailurra gogoan. Goi-bileraren ardatza ekonomia berde deritzona izango da, hau da, “karbono emisio baxuak eragin eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dituena”, NBEren hitzetan. Ahots kritikoen –batez ere ekologisten– ustez, berniz geruza hutsa baizik ez da ekonomia berdea, ez baitu ezbaian jartzen hazkundearen logika.  



Bioerregaiak ekoizteko landatutako eremu bat, Perun. 2008an, talde ekologista ugarik eskatu zioten NBEri bioerregaia lortzera bideratutako landatzeak debekatzeko, elikagaien krisia areagotu eta lurrak eta ura eskuratzeko lehia biziagotuko zutela argudiatu
Bioerregaiak ekoizteko landatutako eremu bat, Perun. 2008an, talde ekologista ugarik eskatu zioten NBEri bioerregaia lortzera bideratutako landatzeak debekatzeko, elikagaien krisia areagotu eta lurrak eta ura eskuratzeko lehia biziagotuko zutela argudiatuta.

1983an, planetaren krisi ekologikoaz jabetuta, Nazio Batuen Batzar Nagusiak erabaki zuen batzorde bat sortzea, ingurumenaren arazoen diagnostikoa egin eta horren arabera hartu beharreko neurriak gomendatzeko. Batzordeak –Inguruaren Garapenerako Munduko Batzordea izendatu zuten– 1987an eman zuen bere txostena, Gure etorkizun komuna izenburuarekin, nahiz eta, haren koordinatzaile nagusiaren omenez, Brundtland Txostena goitizenez ezagunagoa izan.

Txosten hura 1992an Rio de Janeiron egindako Lurraren Gailurraren ardatza izan zen. Zehaztasun handiz deskribatzen zituen ingurumen arazoak, baina “ez zen gai izan arazo horien jatorriari erantzun egokia emateko”, Edgardo Lander, Transnational Institute-ko ikerlari venezuelarraren esanetan. Landerren analisiaren arabera, Brundtland Txostenak ez zuen kontuan ere hartzen eredu kapitalistaren etengabeko hazkundetik kanpoko inongo irtenbiderik. Ingurumenaren suntsipenari eta pobreziari aurre egiteko bidea hazkunde gehiago zen. Hori posible izango zen teknologiaren aurrerapenak aukera emango zuelako gero eta gehiago ekoizteko gero eta baliabide gutxiago erabilita. Hala jaio zen “garapen jasangarria” kontzeptua, 1992ko goi-bileraren ostean ofizialdua.

Parametro berdintsuekin egingo da Rio+20, baina planeta duela hogei urte baino egoera larriagoan dela. Horren arrazoia ez da bakarrik Brundtland Txostenaren abiapuntu usteletik ezin zitekeela ezer onik espero. Gainera, orduko hartan adostu ziren neurri gehienak –besteak beste, Kyotoko Protokoloaren hazia izan zen Rio 1992– ez dira gauzatu, edo ez erabat behintzat. “NBEk ez du aginte nahikoa gobernuak behartzeko”, diote Iñaki Barcena, Nerea Gonzalez eta Rosa Lago Ekologistak Martxaneko kideek. Hirurak izango dira Rio+20n.

Goi-bilera honek utziko digun kontzeptu fetitxe berria “ekonomia berdea” izango da, ez dakigu –edo hau sinatzen duenak behinik behin ez daki– garapen jasangarriaren ordezko edo osagarri, baina haren ildo berekoa erabat. Barcena, Gonzalez eta Lago ez dira Riora joango han bildutako agintariei txalo egitera beren-beregi.


Zer da ekonomia berdea?

NBEren 2011ko Munduko Txosten Ekonomiko eta Sozialean onartzen da ez dagoela segitzerik orain arteko negozio errutinarekin. Baina ingurumenerako arriskuak teknologiaren bidez konpondu daitezkeela aldarrikatzen du, ekonomiaren hazkundeak bere horretan jarraitzen duen bitartean.

Ideia hori da ekonomia berdearen funtsa, eta Rio+20rako Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) idatzi duen txostenean jasota dago. Ez dago zertan aukeratu garapenaren eta jasangarritasunaren artean, biak aldi berean posible dira, horra Brundtland Txostenaren bertsio gaurkotua. Ekonomia berdeak, hortaz, erroan dauka gaitza: ez du onartzen planeta finitu batean etengabeko hazkunde ekonomikoa ezinezkoa dela, aipatutako Ekologistak Martxaneko hiru kideek adierazi digutenez. “Gainera, ekonomia berdea merkatuaren bidez garatu nahi dute”, gehitu dute. NBEk, baiki, azpimarratu du ekonomia berdearen garapenean eremu pribatuak izango duen garrantzia. Negoziorako esparru berria eskura daukatela esanez bultzatu nahi dituzte enpresak beren burua “berdetzera”.

Ekologistak Martxanek Rioko gailurraren aurrean daukan jarrera azaltzeko plazaratutako agirian irakur daitekeenez, “adierazgarria da konpainia handiek arreta handiagoa eskaintzen diotela konferentziari gobernuek eurek baino”. Horren zergatia da, azken batean, industriak kontrolatuko duela ekonomia berdea. “Enpresa horiek eskuak pozez igurzten ari dira dagoeneko, ekonomia berdeak emango dien negozio aukera ikusita”.

    Ekonomia berdearen funtsa da ingurumenerako arriskuak teknologiaren bidez gutxitu daitezkeela, ekonomiaren hazkundeak bere horretan jarraitzen duen bitartean

    Industriak kontrolatuko du ekonomia berdea. “Enpresa horiek eskuak pozez igurzten ari dira, ekonomia berdeak emango dien negozio aukera ikusita”, dio Ekologistak Martxanek

    Talde ekologistek argi dute konponbide miragarritzat aurkeztutako teknologia berriek ez dutela ezer konponduko; eta gainera, inpaktuak eragingo dituzte

ETC taldearen Nork kontrolatuko du ekonomia berdea? txostenak xehetasun handiz ematen du horren berri. Diotenez, munduko industria handienak ari dira biomasaren borrokarako ondo kokatzen –biomasa baita ekonomia berdearen ardatzetako bat, laster ikusiko dugunez–; lurrak eta baliabide naturalak pilatzen ari dira, eta aldi berean teknologia garatzen dute landare jatorriko substantziak produktu industrial bihurtu ahal izateko. Ondorioetako bat, ETCk ohartarazi duenez, natura merkatugai bihurtzea da.

Biomasa petrolioaren ordez

Txostenaren aitzinsolasean, ETCk honela aurkezten du ekonomia berdea: “Asmoa da petrolioaren ordez biomasa ustiatzea (laboreak, belardiak, basoak, landare olioak, algak...). Ideiaren sustatzaileek petrolio-osteko etorkizuna aurreikusten dute, non industriaren ekoizpena, erregai fosilen menpe egon beharrean, lehengai biologikoetatik eratorriko baiten”. Eta zer leku dute hor teknologia berriek? Bada, biomasa produktu salgarri bihurtzeko ezinbesteko tresna izango dira.

Biomasa biltegi handienak Hegoalde Globala deritzon horretako herrialdeetan daude, eta konpainiak, zer esanik ez, Iparraldean. ETCren iritziz, ekonomia berdeak “azken 500 urteetako baliabide bereganatze handiena” eragingo du. Are gehiago, prozesua hasita dago. ETCk berak ematen du datua, ikerketen zorroztasun falta dela-eta datuak agian guztiz zehatzak ez direla onartu ostean: Hegoaldeko 50 eta 80 milioi hektarea artean eskuratu dituzte nazioarteko inbertsiogileek, horietatik bi heren Saharaz hegoaldeko Afrikan. 2006an, hamalau milioi hektarea –nekazaritzarako erabil daitekeen munduko lur guztiaren %1– bioerregaiak ekoizteko erabiltzen zen. 2030ean portzentaje hori %4ra igo daiteke, zenbait ikerketaren arabera.

Ustezko irtenbide teknologikoak

Ekologisten ustetan, honezkero esan dugunez, porrota besterik ezin dute ekarri Rio+20tik aterako diren akordioek, ekonomia berdean oinarrituko badira. Teknologia eraginkorragoak ez dira aski hazkundearen logikak berezkoa duen kontsumo gehikuntza geldiarazteko. “Gaur egun askoz eraginkorragoak gara lehen baino, materia zein energia erabiltzen –dio Ekologistak Martxanek–, eta hala ere bataren zein bestearen kontsumoak handitu egin dira. Frogatuta dago, gainera, errebote efektua dagoela: baliabide baten erabileran prozesu eraginkorragoak lortzeak baliabide hori gehiago ustiatzera eraman dezake”.

Abiapuntua hori izanik, talde ekologistek argi dute konponbide miragarritzat aurkeztutako teknologia berriek ez dutela ezer konponduko; eta gainera, inpaktuak eragingo dituzte. “Gobernu eta enpresak arazoei izkin egiten saiatzen dira, aurre egin beharrean. Hala, CO2 igorpenak gutxitu beharrean, karbonoa atzematea proposatzen da; erregai fosilen erreserbak agortzen hasten badira, energia kontsumoa gutxitu beharrean fracking-a bezalako teknikak garatzen dira hobi berrietara iristeko; nekazaritza industriala klima aldaketaren erantzule nagusietakoa dela frogatuta egon arren, eredu ekologikora jo beharrean ereite zuzena bezain metodo zalantzazkoak jartzen dira abian...”.

NBEren ekonomia berde kontzeptuak arazo ekologikoen –eta sozialen– irtenbidetzat jartzen dituen teknologietako batzuk ezagun ditugu orrialde hauetan. Nanoteknologia, konparazio baterako (ikus Argia 2.320 zbkia.). Edo transgenikoak. Geoingeniaritzaren mehatxua ere hor dago, momentuz lozorroan bada ere (ikus alboko orrialdeko koadroa). Beste batzuk ez dira hain sona handikoak. Hona pare bat adibide:

Biotxarra

Ingelesezko biochar hitza euskal grafiaz emateak hitz-joko polita sortzen du. Biotxarra materia organikoaren pirolisiz lortutako ikatza da, hau da, materia hori oxigeno gutxiren presentzian errez. Haren defendatzaileek diote ikatz mota hori gehitzen zaion lurzoruak karbonoa atxikitzen duela eta, hortaz, klima aldaketaren eragina leuntzen duela. Hori gutxi balitz, ongarria ere bada biotxarra. Baten ordez, bi onura.


Utzi iruzkina: