Zabor bilketa eta bideo kamerak, Elgoibarko PNVren eskutik
Zabor bilketa eta bideo kamerak!
Elgoibarko ezker abertzaleak, Alfredo Etxeberria alkate jaunaren ardura ikusita zaborrak biltzeko sistemak ahalbidetzen dituen arazoen inguruan, ondorengo proposamena helarazi nahi dio. Gaur egun zaborrak biltzeko darabilgun sistemak, alkatearen, zein herritar desberdinen kexuak piztu ditu baina hau ez da, ez eta gutxiago ere, zaborra biltzeko edukiontzien sistemak daukan gabezia bakarra.
Kaleko edukiontziek horrelako arazoak ahalbidetzen dituzte, ez dago biltzen denaren gaineko kontrol motarik. Edonork, nahita edo nahi gabe, ez dagokion gaia edukiontzi okerrean sar dezake. Beira papera biltzekoan, organikoa plastiko eta edukiontziak biltzekoetan eta gainontzeko konbinazio posible guztiak. Hau horrela, kaleko edukiontzien ereduak, birziklatze maila oso baxuak ahalbidetzen ditu. Honekin batera garbitasun arazoak eta usai txarrak ere sortzen dira.
Gure aldetik, zaborraren kudeaketan, argi dago zein den benetako eztabaida. Nola ahalbidetu zabor gutxiago sortzea eta era berean biltzen dena birziklatzea ahalik eta maila altuenean. Eztabaida ez da kamerak jartzea edo bizilagunak zelatatu eta isunak jartzea txintxoak ez direnei. Herritarrak nola inplikatzen ditugun zaborren bilketan baizik.
Zaborra guztion arazoa da. Guztiok sortzen dugu eta denok daukagu honen gaineko ardura eta zer esana. Gipuzkoako zenbait herritan, eredugarriak diren apustuak egin dira zabor bilketan, etxez etxeko bilketa ezarriz, birziklatze maila oso altuak lortu direlarik hasieratik bertatik. Guk ere etxez etxeko zabor bilketaren alde egiten dugu eta gure prestutasuna adierazi nahi diogu Alkateari esparru honetan pausuak eman eta lanean hasteko. Modu honetan aurreko arazoak konpontzen ditugu, inor zigortu gabe eta kameratan dirurik xahutu gabe.
Elgoibarko hautetsi independentistak
2010-11-22
Iruzkinak
Utzi iruzkina: