Propaganda asko eta erantzun gutxi: PNVko Markel Olano Elgoibarren

einbiou 1456132110403 Elgoibartarrok | 2010-07-11 11:44

 

Herritarrengana hurbildu nahia omen helburua, baina kutsu elektoralez betetako ekitaldi hutsal bat egin zuten atzo Gipuzkoako aldundiko Markel Olanok, eta bere kide Eneko Goiak. Hasieran dena polita zen, normalizazioaren alde, bla, bla, krisia gainditzearen alde, bla, bla, alderdikeriak gainditu beharra, bla,bla.

 

Alderdikerian, hain zuzen ere, murgildu ziren bada, Olano eta Goia, Gipuzkoari buruz egindako interpretazio hertsi eta berekoian. Ibarretxe planari buruzko spitxa bota ziguten, lehenik, Gipuzkoan bigarren alternatiba, independentziarena, indartsuagoa, dagoenik ere aipatu gabe, eta hiritarren %20a eskubide gabe utzi zutela esan gabe.

                    

Gero euren azpiegitura plan handiak erakutsi zizkiguten, baina hor ere ezer –ez berririk, ez zaharrik- esan gabe. Orokorkeriak besterik ez.

(Esaterako, Pasaiako portuaren “berregituraketa” esanik utzi zuten, eta ez zuten aipatu Pasaiako Kanpoko kai berri erraldoia, orain arte ezinbestekoa zena, hamar aldiz txikiagoa nahi dutela derrepente. Ez zuten ezer esan Mutrikuko “ezinbesteko” portua erdi-egina utzi dutela)

Errepideen garapena, abiadura handiko trena, Hondarribiko aireportuaren handitzea, Enpresa handiei dirulaguntza handiak, hiriburuen indartzea, kultura ikono turistikoetara eta komertzialetara murriztea (tabakalera), e.a.

 

Garbi ikusi ahal izan genuen gure herrialdeko Jauntxoen handinahikerian, konstruktoreen eta enpresario handien menpekotasunean oinarritutako etorkizuna eskaintzen digula PNVk.

Desberdintasun ekonomikoan, lehiakortasun basatian, eta gutxi batzuen aberastasun pilaketan oinarritutako etorkizun desarrollista eskaintzen digula PNVk.

 

Gero, herritarren galderak hasi ziren, eta orduan, egin zuten ridikulorik handiena. Ez dakit zerbaiti ganoraz erantzun zioten Olanok eta Goiak.

 

Hasieran, diskurtsoaren partzialtasuna aipatu ziotenean, onartu egin zuen, eta gainera bere partzialitatea goraipatu, esanaz bere botanteak babesten zituela. Ahaztu egin zen, han ez zegoela bere alderdiko kide bezala, aldundiko –gipuzkoar guztien- ordezkari bezala baizik.

 

Parte hartzeari buruz aipatu zioten, baita ere, 1040 Elgoibartarren bozkak eta ordezkariak ezin dutela parte hartu, eta oinarrizko gabezia zegoela, baina ezentzun egin zuen, edo hobeto, ez erantzun.

                           

Pilarreko proiektuko egoitzaren bertikaltasunari buruz, eta ingurune berde faltari buruz galdetu zitzaionean, alkatearengan konfidantza osoa zuela esanez erantzun zuen, baina azalpenik eman gabe.

 

Enpresa txikietakoak aurpegiratu ziotenean enpresa handiei bakarrik babesten zietela (milioi bat € 9 lantegi handirentzat) eta eurak itota zeudela, onartu egin zuen; dendari txikien kexuak, eta egotzi zioten hutsegiteak entzutean, hitz totelka aritu zen; eta kirol arlokoak herrietako kirola babestu beharrean diru guztia ekipo handiei (Errealari) ematen zietela bota ziotenean, onartu egin zuen. Eta onena: ez zuen batere lotsarik adierazi.

 

Halere, ridikulo handiena zabor bilketaren gaia atera zenean egin zuten. Alde batetik, errauskailua defendatu zuten sutsuki, beste irtenbiderik ez dagoelari eutsiz, euren modelo desarrollistaren adierazle.

                     

Bestetik, gaur egun Gipuzkoako herrietan ezartzen ari den atez ateko sistema berriaren berri ere ez zuten eman. Galdera aukera-aukeran jarri zieten herritarrei, eurek aldarrikatzen duten %46aren aurrean, atez atekoak %80a birziklatzen baitu, eta horrek errauskailuaren beharra zalantzan.

 

Eta erantzuna gai honetan jauntxoak duten talante inposatzailearekin bat etorri zen. Ez zuten Atez ateko sistema hori existitzen denik ere onartu nahi. Ez hori bakarrik, ez zuten onartzen herri hauek guztiak aldundiari egin dioten eskaera, hau da, 6 urteko moratoria errauskailuari, atez ateko sistemaren emaitzak ebaluatzeko.

Arrazoizkoa dena ere ez dute onartu nahi, eta gainera, dogmatikoak zirela esanez –eurena ez omen da dogma-, hiritar hauek guztiei irainduz, erantzunei ihes egiten saiatu zen.

Parisera joan omen ziren errauskailu “último modelo” bat ikustera, eta horrek konbentzitu omen zituen. Baina ez dute euskal herrietan begiratu nahi, errauskailuaren beharra zalantzan jartzen dutelako. Ez dago negoziorik, antza.

 

Beraz, ondorio garbia zera da, Markel Olano, aldundiko lehendakari izanez, PNVko hauteskunde kanpaina egiten etorri zitzaigun. Eta hori da egin zuena, Propaganda asko eta erantzun gutxi.

 

Elgoibarren, 2010-07-10

 

Elgoibarko Ezker Abertzalea