Elgoibarko Ezker Abertzaleak Alkatetzari El Pilar gelditzeko eskaera

einbiou 1456132110403 Elgoibartarrok | 2011-01-30 11:03

Elgoibarko Ezker abertzaleak,

Prentsaurrea - Pilarreko egoitza from Telebista einbiou! on Vimeo.

Azken asteetan, alkatetza honek, Pilar Ikastetxearen eremuaren inguruan egin dituen mugimenduak ikusirik, erdi ezkutuan, kutsu elektoral garbiaz, eta presak jota dirudienez, Ezker abertzaleak zera adierazi nahi du:
Alde batetik, Udalaren inprobisazioa eta inkonpetentzia nahi dugu salatu, eta bestetik, Herritarrei bizkarra ematen ari direla, beste gai askotan bezala.

10 urte badira Ezker abertzalea, Gure herrian, Nagusien eta ongizate arloan dauden beharrak azaleratzen hasi zenetik. PNVak, isiltasunez eta ezentzunez jardun izan du zenbait urteetan, arlo hauetan duen sentsibilitate faltaren adierazgarri. Izan ere, errentagarriak ez diren arloak ez zaizkielako benetan interesatzen, denok dakigun bezala.

Azken legealdian, ordea, Pilarreko orubea, “nahi gabe”, eta dohainik eskuratu duenean, etorri zaio PNVri aldaketa gogoa, eta bat-bateko sentsibilizazioa. Eta presa.

1.- Hausnartu gabe egindakoa. Proiektu bakarra garatu dute, korrika, milaka euro xahutu, eta, azkenik, atera den “Txurroa” defendatzen jarraitzen dute.
Zera aurkeztu digute, “proiektu antirresidentzial” bat: erabat bertikala, Irteera-sarrera eskasekoa, gune berderik gabea (teilatuetan ezik), eta nagusi (eta senideentzat) konpondu baino arazoak ematen dituena: aszensorez eta alturaz betea, eta nagusiak han giltzapetuko dituena, duintasunez bizitzeko erraztasunak eman beharrean.
Eta proiektu osoa Eremuak (doanekoak) baldintzatu du, beste ongizateko baldintzak, eta herriaren etorkizunerako baldintzak baztertu dituztela, besteak beste, horizontaltasuna, gune berdeak, akzesibilitatea, barrerak gutxitzea, e.a.

2.- Inprobisatuz aldatzen joan dena. Hasierako proiektua ikutuz joan dira, aldaketak eginez, kritiken arabera (Ezker abertzalearen kritikak, gehien bat), diru baldintzen arabera, edo diputazioaren murrizketen arabera.

Hasieran dena han egin behar zen halabeharrez. Ez zegoen besterik. Baina hiru hilabeteetan dena aldakorra da. Hasieran, Nagusi autonomoak Pilarren zihoazen, Gero, agian, San Lazaron jarraitzea hobeto zela pentsatu zuten. Gero, 175 plaza zirenak, 120 izango dira. Gero, 6 solairu zirenak 4 izango dira (Bertikaltasuna) Gero, San Lazaron sartu beharreko unitate sikiatrikoa, desagertu egin da. Baina, zer dok hau?

3.- Herritarren parte hartzeari uko egin diote. Gai honetan ez da egon herritarren parte hartzerik -Ez dakigu zergatik, beste gaietan ahoa bete baitzaie Parte hartzea eta bla,bla-. Gai honetan, lehenengotik eurak nahi izan dutena egin dute.

4.- Gainera, jakinik, Ezker Abertzaleak baduela Alternatiba hobea. Udalari aurkeztua. Ez digute erantzunik eman, gureak beste eremu sakratu bat ikutzen duelako, Etxegintza eroarena.

Urasandi Berrin azkoz hobeto legoke eremu sozio sanitarioa kokatzea, zahar dependienteen egoitza, anbulategia gehituz, Gurutze gorria gehituz, eta San Lazarotik (Autonomoena) ere hurbil.
(Baina horrek 460 etxe egitea oztopatzen duenez, ez zaie interesatzen, Bestalde, Pilarren etxeak ere egin daitezke).

Gauzak horrela, jakin ahal izan dugu Udalak 2011rako dirua lortu duela Pilarreko obra hasteko, eta Otsailean –presaka- hasteko asmoa dutela. Ikusiaz, alde batetik, GPOU berria onartzeko tramiteetan dagoela, eta hau onartu bitartean, eskatzen duela herrian dauden aldaketa eraginkorrak geldiaraztea, eta jakinik 4 hilabete barru udal hauteskundeak egingo direla, udal berria sortuko delarik,

Elgoibarko Ezker abertzaleak eskatzen dio Alkatetza honi, ez dadila kazikismoan erori, eta geldi dezala, hauteskundeak pasatu arte, Elgoibarko herriari, eta herritarrei larriki eragiten dion proiektu erraldoi hau: Pilar - Urasandi-Berri eremuetan egiten ari dena.

Elgoibarko Ezker abertzalea 2011-01-26


Utzi iruzkina: