Liburu handi bat: Koaderno handia

egunilun 1456132069370 egunilun | 2008-06-05 18:15

        

1935. urtea. Hungariako hiri batean Agota Kristof jaiotzen da. Gaztaroan Bigarren Mundu Gerra zela eta Suitzara erbesteratzen da ahizparekin. Frantsesez ikasten du  Agotak. Frantsesez idazten ditu Agotak bere idazle obrak.

Testuinguru honetan ekiten dio Koaderno handia bere lehendabiziko eleberria idazteari. Horregatik harritu gaitzakete istorio honetako hainbat gertaerek. Eta horregatik suma dezakegu gertaera hauek Agotak berak bizitakoak edo ikusitakoak direla. Beraz, autobiografia ukitu bat duela esatea ez legoke soberan.

Gerra, bi anaia biki, ama, aita eta amona. Horiek dira Koaderno handia  nobela mardul honetako abiapuntuak; egoerak behartuta, amak, bere bi semeak amonarenean aterpetzea erabakitzen duenean. Gogorra da amona. Etsipengarria da amonaren etxean bizitzea. Krudela da gizartea. Berehala jabetuko dira gaztetxoak egoeraren gogortasunaz eta adore handiz, irmoki ekingo diote beraien burua hezteari, buruaskitasunean eta biziraupenean oinarritutako auto-ikaskuntzan.

Inguruko pertsonengandik eta inguruko gertaerek bultzatuta, bikiek, gerraren aurpegi gogorrenak jasateko prestatzen dituzte beraien buruak. Horretarako ordea, eguneroko bizipenak eta ikasketa metodoak koaderno handi batean bilduko dituzte, nobela honi izenburua ematen dion koaderno handian alegia.

Hau guztia gaztetxoen begietatik kontatua izango dugu. Zehaztasunez. Objektiboki. Gordintasunez. Era inuzente batean.

Bestalde, oso erritmo bizkorra erabiltzen du Agotak, esaldi laburrak, iritzi gutxirekin, jazoerei sinesgarritasun maila handiagoa eman nahian. Oro har, sarritan lor dezake idazleak irakurleak txunditzea liburuan aipatzen diren jazoerak direla eta.

Liburu interesgarri baten aurrean gaude. Alde batetik duen kutsu autobiografikoak erakarri egiten dituelako irakurleak eta bestetik, erritmo biziaren laguntzaz oso azkar irakurtzen delako eleberria. Ia-ia ohartu gabe.

Mutikoen jarrera ere, zalantzan jartzekoa da. Izan ere, batzuetan ezin da bereiztu zuzentasunez jokatzen ari diren ongia egin nahian ala gaizkia egiten ari diren. Harridura une bat baino gehiago helaraziko dizkigute bi gaztetxoek.

Zinez, gomendagarria dela uste dut batetik gerraren aurpegi latzak ezagutu eta imajinatzeko, eta bestetik ez delako batere aspergarria egiten.


Utzi iruzkina: