Kalean uso, etxean otso

egal 1456132053662 Egal | 2009-05-14 23:32

Berria egunkarian agertzen zenez orain dela egun batzuk, emakume bati eraso egin zion 23 urteko gizon batek Sestaon, Bizkaian. Gezurra dirudi gaur egun horrelako gauzak gertatzen jarraitzeak. Are eta gogorragoa da jakinez gero erasotzaileak 23 urte zituela. Biktima kabina batean telefonoz hitz egiten ari zela, gazteak bere autoa neskaren kontra jo zuen. Ez dakigu zer den harrigarriagoa, emakumea erasotzea ala erasoaren prozedura. Zer da hau, lehiaketa bat jakiteko nork egingo duen eraso originalena?

Los Baños kaleko kamerak dena grabatu omen zuen eta hori da Ertzaintzak salaketa egiteko erabiliko duen materiala. Ona dela badirudi ere, neskak ezadostasuna erakutsi du grabaketa horren aurrean, grabaketan agertzen dena bera ez dela argudiatzen baitu. Emakumeaz gain bikotearen haur bat ere zauritu zuen. Adibide ezin hobea da sexu indarkeriak haurrengan duen eraginaz ohartzeko, nahiz eta kasu honetan min fisikoa bakarrik aipatu.
Garrantzi eza

Informazio xume hau irakurri ondoren, orriari buelta eman, eta informazio gehiago topatu ordez, kirol saila hasten zen. Salatzekoa da zeinen ohituta gauden gauza hauetara eta zeinen garrantzi gutxi ematen diegun. Nola liteke emakume baten erasoaren albisteari leku gutxiago eskaintzea kirolari baten lesioari baino?

Pentsatzen dugu gauza hauek soilik pertsona helduen artean gertatzen direla eta jasotako hezkuntza dela erruduna, baina, orduan, nola justifikatu daiteke horren gaztea den mutil batek bere bikotekidea modu honetan erasotzea? Badirudi aldaketa mende honetan gauzak ez direla hainbeste aldatu. Iritzi askatasuna lortu dugu, baina emakumeekiko dagoen errespetua oraindik ez da merezi dutena.

Sexu indarkeriaren aurkako spot-a:


Utzi iruzkina: