SUBIRANOTASUN EDO MENPEKOTASUN EGITURAK HEZKUNTZA SISTEMAN

een2006 1456132045215 IKASTOLATIK | 2013-04-14 00:16


Publikoa, benetan da publikoa, bakarrrik, gizarte burujabe batetan. Subiranotasunik gabe, “publikoa” izan nahi duen herritartasunetik egiten den guztia, praktikan, gizarte zapaltzaile batentzat, interes pribatukoa da. Gizarte kolonizatu, eta zapaltzaileen arteko orekarik gabeko menpekotasun harremanetan lausotua gelditzen da. 

Menperatzaileak, menperatu duenarekin sortzen duen harremanak, bere esparru  publiko eta pribatuak ditu eta, nahita,  egoera iraunkorra bihurtzeko asmoarekin, giro nahastu eta zorrotzean ematen da.

Menpekotasunean dagoen gizarteak bere burujabetza aktibatzeko, egoera horretan ez nahastea, oinarrizko urratsa da.

Hezkuntza eredu autonomikoek, ez diete printzipioz erantzuten  herri desberdinen giza eskubideei. Eredu autonomikoek, estatu espainiar eta frantziarrek antolatutakoaren transmisoreak dira. Estatu hauek beraien identitatearen funtsa bermatzeko antolatzen eta kontrolatzen dutena hedatzea bermatzen dute.Sistemaren sarea, titulazioak, curriculuma, pertsonala, ikerketa, garapena, berrikuntza, formakuntza eta funtzionamendu osoaren kontrol sistema erabiltzen dute, lege bidez osoa arautuz, eta gainera, titular bezala zentru publikoen kudeaketa osoa eskutik eramanez.

Estatuko indarrak, oso modu zolian eraginda, menpean hartutako gizartea, eztabaidatzera bultzatzen dute, aurrez aurre ipiniz, "guztiona" (espainiar eta frantziar guztiena) den eremu publikoa batetik, eta bestetik,  elitista deituz, kolonizatuak sortua duten pribatua. Hor bereiztuz, elitista leuntzea, elizarekin adostua duten kristau eskolen sareari dagokionean.

Menpeko hartutakoen ”etxea" okupatu, bertako jabeak okupatzaileen maizter derrigortuta bihurtu, eta gero, haientzak lan egitea publikoa eta justua den bakarra kontsiderarazi, geure etxean maizter izatearen egoera justifikatu beharrean ipintzeraino.

Hori da gertatzen dena, herritartasunetik sortutako hainbat ekimenen aurrean. Beraiek “pribatu” kalifikatiboa "sambenito" bezala azalduz atakatzen  dituzte herritartasunetik sortutako hainbat proiektu, menpeko hartu duten gizartea, elkar, aurrez-aurre ipintzeraino.

Kontuan izan, indarrezko menpekotasun egitura indartsu batzuen aurrean, gure herriak, izaten jarraitzeko estrategikoak diren proiektuetaz ari garela. Hau da, identitatea iraunkortzeko, transmisioa eta garapena bideratzen geure eskola propioak sortuz, ikastolak

Horrela, ikastolekin geure hezkuntza sistema propioaren bidez, euskalduntasuna, lurraldetasun osoan eta estatu propiorik ezean, geure eskutik eramanez titulartasuna juridikoki egituratuz, erabaki bidez bermatzea zainduz, ekiten diogu geure identitatearen transmisio eta garapenari. 

Horrela ari gara konkista ondoren herritarrok, geure hezkuntza, kultura, hedabide propioen sareak, ekonomia, industria, ondarea, ingurugiroa, genero berdintasuna, alderdi eta sindikatu abertzaleak ... sortu eta etengabe bizi-berritze lanetan.

Gure aurka erabiltzen dituzten alegatoak, soilak eta errepikakorrak dira. Horrela, eskola nazional frantziarra, beraien baloreen arabera, publikoa da eta ikastolen sarea berriz pribatua. Hor dago koxka, geure etxean, okupatzaileek maizter bihurtu gaituztela.

Modu interesatuan, kontzeptu horietan anabasa sortzen dute, jakinik estatu egiturak dituztenentzat bakarrik erabili daitezken kontzeptu politiko Administratibo horiek, modu desnaturalizatuan bizi ditugula, beraiek menpeko hartuta gaituzten herritarron arten. Praktikan menperatzaileen eta menperatuen, bien gizarteak, bien identitateak eta bien kulturak nahasturik bizi direlako, eta gainera, nabarmen, maila politiko desberdinetan.

Izkutatzen dute, eskola frantziar hori, nazionala eta errepublikarra, euskara irakasten badu ere, pirinioen iparraldeko euskaldunentzat erabat pribatua dela, kolegio ingeles bat Parisen den bezalaxe.

Publikoa izango da, kultura menperatzaileak, bere lurraldetasunean kokatzen den kolektiboan gutasuna egiteko, hau da gizarte jakin batek libreki bere identitatea gauzatuz kohesioa  egiteko sortu duen egitura politikoak bermatzen duena. Baina pribatua bihurtzen dute, beste gizarte desberdin bati indarrez aplikatzen diotenean, euskaldunekin egiten duten bezala.

Kasu horretan, eskola publiko hori gizarte hegemonikoaren eskola partikular pribatua bihurtzen da, frantziarra edo espainiarra, menpeko hartutako herri bati inposatzen zaiona. Hau da, euskaldunoi  inposatu zaizkigun sistema publiko  frantziar eta espainiarra, guretzat pribatuak dira, ingeles eskola bat Parisen edo Madrilen den bezalaxe.

Horregatik, kulturalki euskalduna eta politikoki nafarra den gure herria, herri bat eta bakarra dena, okupatua eta ahuldua, bere kabuz antolatu beharrean aurkitzen da bere eskola nazional euskalduna. Edozein herriri aitortzen zaion giza eskubidean oinarriturik, menperatzaileen ofizialtasunak ozenki onartzen ez badio ere.

Zailtasunak zailtasun, geure egitea, geure erantzukizuna da. Euskal gizarteak, konkista aurretik eta ondoren, aldarrikatzearen gainetik geure hezkuntzari heldu dio. Ikastolak sortuz ia 100 urtetan, 50.000 ikasle atenditu eta 4000 langileri lana ematen ari dira. Geure curriculum propioa, ikasmateriala eta formakuntza antolatuz.  

lkastolak egin duen lanari esker, frantziar eta espainiar Estatuek, titulartasunaren jabetza duten eskola publikoetan ere euskara sartzera behartuta sentitu dira.

Baina ez gaitezen engainatu, estatu horiek:

  • identitea lantzeko euskaraz ari dira ala ingelesari ematen dioten trataera berbera ematen al diote?
  • zer baloretan oinarritzen dira, beraiekiko  menpekotasuna mantentzekoak esanetara ibiltzera behartuz ala menperatuei askatasuna emateko burujabetza indartuz?
  • curriculuma zer kulturatan oinarritzen dute, “España mi Pais” “ la France ma patrie” euskaraz ikasten  ala munduan errekonozitua eta onartu izan den Nafar Estatuko herritar euskaldun sentiarazteko geure kultura propioan?
  • zer historia kontatzen da, konkistatzaileek, geurea ezabatuz, inposatu digutena euskaraz ala  geurea geuretik kontatua?
  • zer egutegi erabiltzen dugu, elizak eta estatuek inposatzen dutena ala euskal kulturan oinarritutakoa eta familien beharrei erantzuten diona?
  • zer ordutegi, gure curriculumari egokitzen zaiona ala estatuen curriculumari lotutakoa beraien arauetan oinarritutako euskara erabiliz?
  • nork zaintzen du proiektua, ikastolako titularrak edo profesionalen borondate hutsean uzten da, estatuek beraien esku dituzten ikuskaritza sistemak eragiten duen beldurraren kontrolpean?

Estatuen eskola publikoetan, noski, irakasle euskaldun ugari ari dira modu duinean, bere konpromiso pertsonalari esker, euskalduntze erronkari aurre egiten, borondatean oinarrituta, inongo erabakimenik gabeko basamortuan.

Horien guztien titularrak diren bi estatuek, erabakimena zentralizatuz edo kudeaketa zati bat autonomiei baimenduz, beraien identitateari lotuta ari dira Estatu Nazionalen menperatzaile lanetan. Sistema osoa, publiko pribatu, arautzen dute eta horrez gain zentru publikoen jabetza zuzena erabiliz euren xede nagusia bermatzen dute.

Egitura polítiko menperatzaileek erabakitzen badituzte ere publiko eta pribatu kontzeptuak, guk, askatasunetik begiratuz, euskal gizartearen kontzientziak  erabakitzeko moduak topatzen ditugu, menpeko egituretan behartuta egon arren, euskaldun guztiontzat nahi duguna, kontzientzia asketik, geure burujabetza juridikoki aktibatuz.

Beraz, guztion erantzukizuna bihurtzen da, gu izaten jarraitzeko, geuretik egitea, geuk bermatuz. Asmoa, soila da. Gure bizitzaren eremu guztiei erantzunez, transmisio eta garapen iraunkorra bermatzea. Hau da, euskal gizartearen beharrak, bizitza interpretatzeko eta jardunerako filosofia eta geure burua antolatzeko politika, geure erara eta geure eskutik egitea.

Hau da: 3gu "gu, geuk, geuretik".  

IKASTOLATIK, EUSKAL ESTATURA!

 

 

 

 

 


Utzi iruzkina: