Ikastoletan hasten da nazio normaltasuna

een2006 1456132045215 IKASTOLATIK | 2006-11-06 11:59

Victor Alexandre  

Kazetari eta idazlea

Berriatik jasoa

Ikastoletan hasten da nazio normaltasuna. Halaxe da mundu osoan, eta halaxe behar du Euskal Herrian ere. Iragan abenduan( 2005ekoan), Euskal Eskola Nazionalaren Eguna zela-eta Azpeitian izandako ekitaldi batzuetara joateko aukera izan nuen, Ikasberri, Azpeitiko ikastolak gonbidatuta.

Egia esan, harrigarria da inolako nazio konplexurik ez duten euskaldunen esku dauden arlo guztietan lortu den guztia. Ikastolak benetako ikastolak, noski askoz ere errealitate konplexuago eta kontrakoago baten ameskeria direla esan dezake norbaitek. Agian bai.

Herria eta hizkuntza normaltasunetik urrun daude oraindik. Eskola nazional horiek orain arte egin duten lana, baina, bikaina da. Imajina al dezake irakurleak zer fasetan legokeen egun euskal «gu» baten eraikuntza ikastolarik ez balego?

Euskaldun izatea bizitza ulertzeko modu berezi eta paregabea dela erakusten dute ikastoletan. Euskaldunek giza ondareari egindako ekarpena, hain zuzen. Haiek dira normaltasunaren eraikitzaile nagusiak horren ondorio dira dituzten arerioak; beste herrialde baten borondatearen mende ez dagoen herrialde heldu batena den normaltasunarena.

Ikusi besterik ez dago ikastolek Espainiako alderdi politikoetan sortzen duten gaitzespena, euskal nortasuna onartzeak nortasun espainiarra hodeietatik jaistera behartuko duela uste baitute. Takoi altuekin ibiltzen ohituta dagoen batek sentituko lukeen gaitzespena bezalakoxea, zapata lauekin ibiltzera behartuko balute. Gehiegizko zentimetro horiekin ibiltzeko ohiturak bere buruaren pertzepzio okerra eman izango ziokeen; hain pertzepzio atsegina, non errealitatearekin nahasi izango zukeen. Horregatik, haren harrokeriak onartuko ez lukeen apaltzea izango litzateke sendagileak zapata lauak erabiltzeko agintzea. Bere gezurrean sartuta dagoenaren erantzun naturala.

 Euskalduna den oro gaitzesteak beldur hori du oinarri. Horren ondorio da espainolismoa euskaltasunaren ondare atabiko ezin ordainduzkoan oinarritzea Euskal Herria nazioartean gutxiesteko. Horrela, antzinatasuna bai Euskal Herriarena eta baita euskararena ere primitibismoaren, baserritarkeriaren, zakarkeriaren, gizakeriarik ezaren eta, nola ez, indarkeriaren sinonimo balitz bezala proiektatzen dute hedabideetan. Ezin hobea da irudi hori. Izan ere, independentzia berreskuratu nahi duen herri bati intelektualki entzutea kenduta, ospea kentzen zaio, halaber, estatu ezaugarririk ez duen nazio ororen independentzia asmoari. Horrela, independentzia aldarrikatzea ez ezik, nazio terminoa aldarrikatzea ere terrorismoa da. Beste modu batera esanda: euskal independentzia eskatzen duen oro ez ezik, terrorista da, halaber, herrialde horri juridikoki nazio izaera onartzea eskatzen duena. Alegia, helburua da gizakiak edo talde batek egin dezakeen eskaera bidezkoenari izate eskubidea ospea kentzea.

Hala ere, ez da «izate eskubide» hori Espainiaren kezka nagusia, baizik eta «izate kontzientzia» horrek beti «erabakitzeko borondatea» ekartzea. Zenbat eta helduagoa, orduan eta mendekotasun txikiagoa. Arrazoi horrexegatik gorrotatzen dute espainolistek euskal eskola nazionala. Espainiak badaki euskalduntzea espainoltzearekin bateraezina dela. Edo bata edo bestea. Eta hauxe da bien arteko aldea: lehena naturala da, eta bigarrena, berriz, inposatua. Milaka eta milaka urteko herri baten existentziaren bermea da lehena; herri hori hirugarren herrialde baten mende dagoen froga, bigarrena.

Beraz, espainiarren buru jatearen aurkako antidotoaz ari gara. Horren ondorio da, halaber, ikastolak difamatzeko interesa, gorroto eskolak direla esanez, horietan Espainia gorrotatzen erakusten dutela. Ikastoletan ez dute erakusten inor gorrotatzen. Alderantziz. Maitatzen erakusten dute ikastoletan, beren buruak maitatzen erakusten diete euskaldunei.

Nazio batek gainerako nazio libreekin maila berean erlazionatzeko duen gaitasuna da nazio baten askatasunaren froga; kanpotik datozenei bere hizkuntza jakitea exijitu ahal izatea; seme-alabek ikastetxean ikasten duten historia herri horren berezko historia izatea, eta ez auzokoak gainbegiratutakoa; errespeta dezaten beharrezkoa den autoestimua edukitzea eta bere erabakiak hartzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Eskubide horiek gabeko nazioa ez da nazio librea. Beraz, hauxe da galdera: Zer egiten du Euskal Herriak alboko herrialdearen Diputatuen Kongresuan harrapatuta? Nola daiteke ez konturatzea suizidioa dela Espainiaren eta Frantziaren demokraziaren gezurra onartzea?

Urte asko pasatuta ere, katalanok eta euskaldunok ez dugu inolako botererik edukiko ez Espainian, ez eta Frantzian ere. Sekula ere ez. Ez dugu sekula izan, eta ez dugu sekula izango. Bi herrialde horien parlamentu aritmetika dela-eta ezinezkoa da haien etxeko gutxiengo bat baino zerbait gehiago izatea.

Hortaz, hori al da gure nazio egitasmo handia? Lau urtero otoitz egitea, aurkariak gehiengo absolutua lor ez dezan, politika eskazalea eta kondarretakoa egiten jarrai dezagun oztopo izan daitekeena? Zer zentzu dute guretzat arau-ustez- demokratiko horiek? Benetan ez al gara konturatzen Espainia ez dela sekula bere onera etorriko? Horren zaila al da ulertzen zenbakiek betiko gehiengo absolutua bermatu diotelako onartu duela Espainiak Zuzenbide Estatua, berriz ere monarkia ezarri eta horri frankismoren oinarrizko printzipioak sinarazita?

Sen onak beste galdera batekin bakarrik erantzun ditzake hainbat galdera: Zer egiten dugu katalanok eta euskaldunok Espainian?

Erredakzioan itzulia


Utzi iruzkina: