Uste sendoa eta konpromisoa. Arnaldo Otegi
Uste sendoa eta konpromisoa
Ezker abertzalean barne eztabaida sakona egin eta, aldi berean, abagune
politiko garrantzitsuari erantzuteko ekimen zehatzak gauzatu ondoren, gure
oinarri militanteak onetsitako ondorioak abian dira jada, helburu jakin
batekin:
gure herriak behar duen sakoneko aldaketara eramango gaituen prozesu demokratikoa sendotzeko erronkari laguntzea, mugimendu politikoen eta herri dinamiken bitartez.
“Zutik Euskal Herria” ebazpenean
jasotako gogoetek argi eta garbi
azaltzen dituzte murgildurik gauden parametro politiko eta sozialak. Horrela, frankismoaren irteeran Hego Euskal Herriari asimilaziorako ezarritako esparru politikoaren agorpena dela-eta, Estatuak ez du ordezko politikorik abertzaletasuna eta, oro har, aldaketa politiko eta soziala bidera dezakeen
masa kritikoa irensteko.
Estatuen asimilazio eredua higatu
dugu eta mugimendu abertzalearen posizio estrategikoa indartu dugu; hortxe, bada, hogeita hamar
urteotako borrokan ezker abertzaleak emandako uzta oparoa.
Horrek guztiak ez du esan nahi, aro ezberdinen arteko igarobidean
gauden honetan, Estatuak ez duenik azken urteotan blokeorik behartzea eta gure estrategia, neurri batean, neutralizatzea lortu.
Horrek ezinbestekoa den indar
metaketa gauzagarri bihurtzea oztopatu du; eta, jakina, independentziaren proiektu politikoa ahalbidetuko duen egoerara iristeko gakoa indar metaketa da. Azken bururaino eramandako errepresio estrategiak aipatu blokeoa areagotu du, beste helburu berri batekin gainera: Alderdien Legearen eta mapa politikoaren faltsuketaren bitartez, unionismoaren nagusitasun politikoa eta instituzionala ezartzea. Estatua eroso da eskema horretan, parametro horietan denbora bere alde dagoela uste baitu.
Beraz, blokeoa erabiltzen dute erabakitzeko eskubidearen aldeko masa kritiko zabal hori –ideologikoki puntatik puntara doan masa kritiko hori– egituratzea galerazteko, Estatuak ez baitu, autonomismo hutsatik harago, gauregungo ereduaren higadurari aurre egiteko alternatiba politikorik. Azken geltokia egungo autonomismoa besterik ez du. Inposizioa eta bazterketa oinarri dituen eredu orokor hori da, eta ez besterik, PSOE-PP-UPN akordioen funtsa.
Ezker abertzalearen ustez, proiektu estrategikoen argipenak gatazka konpontzeko desiragarri diren akordioen edukiak argiago erakusten ditu: nazio onarpena eta proiektu politiko guztien artean joko arau demokratikoak.
Lurralde ereduari buruz Estatu espainolean urtetan errotutako krisi
politikoari (Euskal Herriarekin duen etenik gabeko gatazka eta Kataluniako Estatutari buruzko epaia dela-eta sortutako arazoa dira adierazle nagusiak) hau ere gehitu behar zaio: alde batetik, gaur egungo izugarrizko krisi ekonomikoa eta, beste alde batetik, alderdien arteko borrokan darabilten Estatuaren botereen erabilpena, Justiziarekin egiten ari direna lekuko.
Horren ondorioa gobernu ahul bat da, modu eraikitzailean Estatu politikak egiteko gai ez den (halaxe ikusi genuen, adibidez, azken negoziazio prozesuan, 2005-2007) Estatu bateko gobernu ahul bat.
Gatazka politikoarekin batera, Euskal Herriak jasaten duen krisi ekonomikoak lanabesa propioak izateko beharra adierazten du, euskal eragileek zehaztutako eta berezko eredu bati egokitutako politika fiskalei, sozialei zein ekonomikoei ekin ahal izateko.
Inposizio bidezko neurri atzerakorren kontrako borrokak, euskal sindikalgintzak gidatzen duen eta joan den ekainaren 29ko greba egunean argi bezain garbi kaleratu zen borrokak, behar-beharrekoa dugun burujabetza eta independentziaren aldeko bidearekin bat egiten du.
Ardatz orokor horien gainean, ezker abertzaleak bere estrategia
egokitzea lortu du, unionismoaren blokeoa baldintzatzeko eta burujabetza
independentzia etorkizuneko eskaintza taktiko-estrategiko moduan kokatzeko.
Horregatik, modu estrategikoan eginiko eskaintza argi batekin hasi gara, euskal Estatuaren aldeko indarrak metatzeko. Ez dugu ahazten, ordea, gaur egungo fase politikoaren helburua orube demokratikoa osatzea dela, bertan gure herriko sentsibilitate eta familia politiko guztiek beren proiektua osoki gara ahal dezaten, herri borondatearen muga bakarrarekin.
Gure eskaintzak bide eta lanabes demokratikoen garapena du oinarri. Horrenbestez, prozesu demokratikoa aldebakarreko erabakiz irekitzea inflexio puntua da. Horren gainean eraikitzen ari dira eta eraikiko dira arian-arian fase politiko berria marraztuko dituen ekimen poltikoak.
Euskal prozesu politikoaren garapenari, askapen nazionalaren eta sozialaren aldeko borrokaren bilakaerari, gaur egungo fase politikoari –azken hamabost urteotan eraikitako baldintza politiko eta sozialak oinarri dituen fase politikoari– eta baldintza horiei eraginkortasuna emateko estrategia egokiari erantzuten diete ezker abertzalearen erabakiek eta ekinbideek.
Oker dabiltza ezker abertzalearen
apustua errepresio estrategiaren presioaren ondorio dela uste dutenak, ukatzen
ez badugu ere estrategia horrek sekulako sufrikarioa eta arazoak eragiten dizkiola mugimendu independentistari. Guk ere ez genuke asmatuko ziklo aldaketarako abiapuntu bakarra Gobernu espainolari aldez aurretik kendutakoaren ondorio izan behar duela usteko bagenu, prozesu
demokratikoaren lehen une hauetan ere beste aldearekin akordioak eta konpromisoak lortzeari uko egiten ez diogun arren, jakina.
Gure apustu politikoak helduleku eta hartzaile argiak ditu. Prozesua
irekitzeko, lehen urrats hauetan, gure herriari eta nazioarteko komunitateari zuzentzen gatzaizkie. Horiei eman behar diegu erantzun egokia, irekitzen ari
den aro berria sendotu ahal izateko baldintzak sortzeko gure esku dagoen guztia eginez.
Gure herriari (beste inoren eta ezeren aurretik) eta nazioarteko komunitateari zuzentzen gatzaizkie, independentziara eramango gaituen ibilbidea soilik bide polítikoak eta demokratikoak erabiliz egiteko konpromisoa erakusteko. Justu kontrakoa egiten dute, aldiz, beren proiektu politikoa eskubideak (esate baterako, erabakitzeko eskubidea) urratuz eta errepresioa erabiliz inposatu nahi dutenek
Apustua egiteko une aproposa da. Eta hori horrela da herri honetan, gure ekarpenarekin, benetan egoera demokratiko batera eramango gaituen bidea egiteko askatu beharreko indarrak aska daitezkeelako, eta lotu beharreko akordioak lotu daitezkeelako.
Beraz, aldaketa politikoan aurrera egiteko giltzarri izango den prozesu demokratikoa irekitzeko aldebakarreko erabaki horrek eginmolde eta aukera berriak eskaintzen ditu indar harremanean egoki eragiteko, bai taktikoki – gatazkaren konponbidea eta egitura juridiko berriak– bai estrategikoki – independentismoa indartzea–. Ez da ariketa teoriko hutsa.
Horrela erakusten dute azken boladako gertaerek: gatazkararen konponbidearen aldeko jarrera esanguratsuak eta trinkoak izan dira, baita independentziaren aldeko bloke politiko eta sozialaren egituraketaren bidean urrats sendoak ere.
Gauzatzen ari diren eta
etorkizunean gauzatuko diren konpromisoak –besteak beste, Earen eta ezker
abertzalearen arteko akordio estrategikoa, gizarte mailako adierazpen independestisten hedapena, sindikalgintza abertzalearen ekintza batasunaren sakontzea edo eskubide zibil eta politikoen urraketaren kontrako
lanabesen indartzea– apustu politiko horren isla dira.
Baina ezin diogu soilik gure
buruari begiratu eta besteak baztertu, egindako guztia lankidetzaren eta gure
herriko beste indar eta sektore batzuen lanaren uzta ere baita. Gure aldebakarreko
apustuak eraginkortasun handiagoarekin eragitea ahalbidetu digu, eta beste batzuek ere norabide egokian urratsak egiteko baldintzak
sortzea erraztu du, bai Euskal Herrian, bai nazioartean.
Hilabeteotan enpirikoki egiaztatu dugu apustuak irabazi garbiak ematen dituela eta, beraz, berau trinkotzea eta sakontzea baizik ez dugu egin behar.
Duela oso denbora gutxi, orain arte egindakoak eskuraezina zirudien, eta gaur egun, berriz, ez da nahikoa. Horrenbestez, marraztutako bideari jarraitu behar zaio, gero eta jende eta sektore gehiagotara iritsiko den olatu
bat sorrarazteko, aldaketa politikoa eta sozialaren beharra indartzeko asmoarekin.
Negoziazio eta akordio
demokratikorako prozesu baten alde aktibatu behar da gizartea, eta independentismoak mugimendu politiko erabakigarria izan behar du fase honetan. “Trantsizioa” zeritzan hartan EAJ erdigunean izan zen eredu autonomikoa zehazterakoan; oraingo fase politikoan –oinarri demokratikoko
“bigarren trantsizio” honetan–, berriz, independentismoak ardatz bilakatzeko asmoa du, gaur egungo egitura juridiko-politikoek, gatazkari konponbidea emango dion akordio demokratikoaren bitartez, egin beharreko eraldaketa bideratzeko orduan.
Gure apustua, beraz, hauxe da: independentismoaren protagonismoaren bidez eta Euskal Herrian orube demokratikoa lortu nahi duen edonori elkarlanerako eta akordiorako eskua luzatuz, aldagai politikoetan eta sozialetan eragin, egiturazko aldaketa gauzatu ahal izateko.
Ez gara ari, beraz, mugimendu
taktikoetan edo, are gutxiago, hauteskundeei begirako jokaldietan. Beste fase
politiko bat indartzeko ahaleginean ari gara, eta horretan egin beharreko bidean, herri gogoari bereziki erreparatuta, ezker abertzaleak estrategia egokituarekin eta lanabes berriekin motore nagusia izan behar du;
apaltasunarekin, elkarlanean eta gainerako eragileei errespetua gordez.
Prozesu demokratiko honek epe eta geltoki ezberdinak izango ditu, eta garatzeko aldebiko eta alde askotako akordioak lortu eta bete beharko dira; euskal eragileen artean, nazioarteko eragileekin eta mendez mende gatazka izan dugun estatuekin.
Unehonetan, lehen helburua gutxienezko demokratikoak eskuratzea da, guztion ekinbide politikoa bermatu ahal izateko eta Euskal Herrian pairatzen diren eskubide urraketa larriak arintzeko; azken batean, behin-betirako soluzio bidezkoa ekarriko duen prozesuan aurrera egin ahal izateko.
Jakin badakigu fase hau ere gogorra izango dela, eta tinko borrokatu beharko dugula lehen helburu hori lortzeko. Ezin dugu uste gure aldetik edozein mugimendu eginda, berehala eta automatikoki, erori behar diren harresi guztiak eroriko direnik.
Gure borrokak eta antolakuntzak, herria gurekin ekartzeko eta sektore politiko zein sozial ezberdinekin elkarlanean aritzeko gure gaitasunak, eta iraganeko eredutan trabataturik gera gaitezen gezurra, probokazioa eta errepresioa erabiltzen dutenen amarruetan ez erortzeko abileziak oztopoak gainditzea eta, prozesuak aurrera egin dezan, gero eta eremu gehiago irekitzea ahalbidetuko digute.
Sinesmen osoa dugu. Ezker Abertzaleak sinesgarritasun eta indar
nahikoa du motore izateko, aldaketa politikoa eta sozialaren joerak azkartuko dituen fase berriak behar dituen mugimenduen motore izateko, hain zuzen ere.
Uste osoa dugu, eta baita konpromisoa ere, askapen nazionalaren eta sozialaren mugimenduaren ondare politiko, ideologiko eta historiko guzti-guztia aro berriaren zerbitzura jartzeko, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki ahal dezan. Askatasunez.
Arnaldo Otegi
Ezker abertzalearen ordezkaria