TXANGOA

kanakonea@hotmail.com 1600960187972 Doike! | 2023-04-15 19:19

2022ko ekainaren bian Helduen EHUko Giza Zientzia titulua eman ziguten. Zeremonia atsegina eta polita izan zen. Lau urte elkarrekin egonak ginen, eta txango batekin bukatzea otu zitzaigun. Ez ginen oso originalak izan; Sizilia hautatu genuen. (Aspaldi zaharrean hainbat taldek egin nola). Feniziarrak eta grekoak. kartagotarrak eta erromatarrak. Arabiarrak eta normandiarrak. Aragoiko Koruak eta azkenik Garibaldik, uhartea Italiarako eskuratu zuenak; horiek denak sutsuki aritu ziren lurraldea bereganatzen.

Emankorra du lurra Siziliak. Eguzki eta urak saritua. Sumendi batek ongarritua. Hainbat Jainkok bedeinkatua. Hamaika zibilizazioen aztarna eta hondakinen gainean finkatua. Badu Siziliak berehala harrapatzen zaituen magia berezi bat. Autobus batean ari ginen uhartea gurutzatzen. Gure gidariak Bruno zuen izena, atsegina, adeitsua eta, bidai agentzia bateko gidaria baino, filosofo bat ematen zuen, ze, handia baitzen bere sentsibilitatea  Siziliako historia kontatzerakoan. Taldea ez zen erretzailea, ni bai, (badakit erretzea txarra dela) eta gidariak ere erretzen zuenez maiz elkartzen ginen zigarreta  baten egiteko. Eta hola eseri ginen harrizko pareta batean Egesta tenpluaren parean. Tenplua mendixka baten gaineko aldean dago, bakar-bakarrik belar eta zuhaixka artean, eta haren historia kontatzen hasi zitzaidan.

 

 “Hau da Sizilian hobeki iraun duen tenplu grekoa, Doriko estilokoa da, kolomak ditu ildaskatu gabeak, ez zioten teilaturik eman, eta ez zuten sagaratu, hortaz ez zuten inoiz eraitsi. Inguruko artzainek arditegi gisa erabiltzen zuten, eta horrek ere lagunduko zuen noski.”

 “Eta, zein zen arrazoia leku honetan tenpluaren egiteko”?. Galde egin nion.

“Ka.V.Troiatik ihesian etorri etorkinak kokatu ziren hemen. Hiri garrantzitsu baten aztarnak daude, ze, lurra lantzeren muinoa terrazez betea baitago.”

“Ihesean diozu, orain nola”? Galde egin nion.

“Bai, Mediterraneoaren atea da hau, eta etorri diren zibilizazio guziak hemendik itsaso-mila batera kokatzen den Isula di Lampidusan  egiten zuten lehen geldialdia; orain nola, gudak eta goseak ezlekutuak ihesian itotzen ez direnak egiten duten berdin, noski. Nik badut fantasia bat…”

“Ba, kontatu otoi!” irrikan eskatu nion.

“Eta, hasiko balira munduko agintariak hausnartzen”? jarraitu zuen “Humanitatearen historian  ez dago une bat gudarik gabe; ez dut uste onerako izan denik, aitzitik, sarraskia eta hondamendia bertzerik ez duelako eragiten gudak. Egun larriki kezkatzen nauena, arma nuklearrena da”. Bekain ilunez erran zidan.

“Bai, kezkatzekoa da. Uste duzu ausartuko direla lehertzen?”. Galde egin nion.

“Ba, jakinik ezin dutela ler-arazi, Ama Lurra suntsitzeko arriskuan jarri gabe, hartarako bideratu dituzten baliabideak, teknologia eta zientzia, aitzina, humanitatearen mesedetan mundu osoa berdintasunean garatzeko erabiltzea erabaki duten eguna ailegatu dela, da nire fantasia…”

 

Taldea hurbildu zen, eta ordu erdiko bateko ibilaldia hasi genuen malda goiti   antzoki grekoaren ikusteko, hau ere ongi kontserbatua, muino baten bizkarretik beheiti egina, goitiko eserleku ilarak nahiko urratuak, aldiz, orkestra inguruan hamar bat ilara ongi. Hantxe bildu ginen eta txoriak-txori abestu genuen.      

      

 

Ulises bere bidai mitikoan, ekaitz ikaragarri batek harrapatu eta Sizilian itsas hegian biluzik eta zauritua bota zuen. Handik zebilen Jainkosa batek hartu zuen Ulises, eta sendatu eta beztitu ondoren, itsasontzi berri bat eman zion bidaiaren jarraitzeko. Gu ere zauritu gara; ze, izurriteak harrapatu baikaitu. Hogeita bortz gara, froga egin eta baiezkoa dugunak. Jainkosa baten beharrean gu ere, Iberiari esker isilean eta musukoz mozorroturik etxerat ailegatu gara.

     


Utzi iruzkina: