PIO BAROJAREN PAISAIAK

PIO BAROJAREN PAISAIAK Doike! | 2026-07-14 16:32

Pio Barojaren paisaiak

Poeta zen, bakardadea eta tristura zalea. Biziaren egun itsetan, bakardadean murgiltzeko gura handitzen zitzaion, eta, herriko kaleetako giroak izpiritua melankolia sastagarri batek urgaineztatzen zionez, herri ondoko parketxora  hunkipen gozoagoak bila abiatzen  zen. Eta han aska batean uhandreak zeuden elkarrekin jostetan, banku batean eseri, eta zerua eta hodeiak beha gelditzen zen, eta zuhaitzak beha, eta, burdinorizko lau dardokoen agotik ur txorrotak oskol batzuetan isurtzen beha.

                                                              :::::::::::::::

…eta orain, izadiaren alde iluna misterioan, pilpira; non, gaueko mila isilpeko asots aditzen diren; non, errekako urak darama itsasora bere abestia, aldizka, alaia, auhena… Zeru ilunean zilarrezko izar bat dardarka: eta orain, Basajaun ikaragarriak igortzen du bere begirada gorria basoko  zuhaitz abar artetik: eta han, kobazuloetako Herensugeak bere zorigabeko hegoak  lau haizetara hedatzen ditu, eta beleak oihanean bere azti oihu lazgarria igortzen du; orain poetak bakardadearen ahotsa sumatzen du, isiltasunaren solasa, egunsentiko laino xumea harrotzen denak aizkatzen ditu gaueko azti ezinegonak; zuek! Sorginak! Basajaunak! Zugarramurdiko erreka bazterretan  ile horiak orrazten dituzuen Lamiak!. Zuek! Aitorren semeen espirituak! Zoazte lasterka Larrungo aldapa lurrintsuetatik! Harri artean iraulka! Zoazte errekatxo barna eta paraje hauetan bizi diren andre ederrei egi garatzarra! Eta zuek! Azti jakintsuak, sorginkerietan zahartuak, atera itzazue loreen lurrinik gozoenak, lorezti limurgarrienak; eta eman guri edalontzian alaitasuna belai birjinetan itzulika bihotza arin gure lagunak maitatzeko, eta artezia gure baitan haien ondra goraipatzeko.

 

                                               :::::::::::::::::::

Ameskeriaren baitan badaude lurralde ederrak, non zuhaitzak asperen egiten dute, eta erreka gardenak bazter loretsuetan irristan gaten direnak itsaso urdinean galduz. Lurralde hauetatik urrun, arras urrun, badago bertze toki bat  latza eta ikaragarria, zuhaitzak zerura luzatzen dituzte beraien beso  mamu gordinak, eta  isiltasun ilunak arimengan igortzen ditu izpi  goibel, lazgarri biziak.

Lurralde itzaltsu eta dohakabeko honetan gaztelu bat dago, gaztelu beltz handi bat, dorre gotortuekin eta korridore ojibal bat orain deuseztatua dena, eta sakonune bat ur ustelez betea.

Nik ezagutzen dut, paraje ikaragarri hau ezagutzen dut. Gau batez tristezia eta pattarrez mozkorturik bidetik ziraldoka itsasontzi zahar bat nola, marinel kopla baten konpasean nioan.

Abesti xumea zen nirea, herri basa eta primitiboa batena, tristea, luterano kantu nola,  kantu lasaia eta mingotxa, mendi eta basoko mikatza bezain. Eta gau iluna zen. Larri izutu nintzen. Gazteluaren aitzinean aurkitu nintzen, eta  areto ilun batean sartu nintzen; arrano bat hegal zauritua arrastaka zebilen lurrean.

Leihotik ilargia ageri zen, zeinek, hilotz argiz argiztatzen zuen landa biluzia eta idorra; sakoneko ur uherra eta kiratsa dardarka inarrosten zen. Zeruan Arturus distiratsu keinuka ikusten zen. Urrunean, su baten garrak astintzen zituen haizeak.


Utzi iruzkina: